Albistegia

Santa Klarako birgaitzea ikusgai izan dute zarauztarrek

Juan Luis Romatet, Maialen Etxaniz eta Usua Garin 2026ko ekainaren 12a

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako hitzaldia hartu zuen herenegun mojategi zaharrak. Harekin batera, lehen solairuan egindako birgaitzea erakutsi zuten.

Santa Klara komentuak Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako hitzaldia hartu zuela aprobetxatuz, dozenaka lagun elkartu zen herenegun arratsaldean Zarauzko erdigunean kokatzen den mojategi zaharrean, hitzaldia entzutera, baina bereziki eraikineko behe solairuan egindako birgaitze lanak ikustera. Justu gai hori, komentuaren birgaitze lanak, izan zituzten hizpide aldundiko ondare historiko-artistikoaren zerbitzuak antolatutako saioan, eta haren amaieran, moja etxean egindako lanaren emaitza erakusteko bisita gidatua eskaini zieten herritarrei.

Zarauzko Udala 2021. urtean egin zen komentuaren jabe, eta ordutik plangintzak eta parte hartze prozesuak abiatu ditu klausurako mojen bizilekua zena herritarren esku utzi, eta kultur nahiz gizarte ekitaldietara bideratzeko.

Herenegun erakutsitakoak esku hartzeen lehen faseari dagozkion lanak direla azaldu zuen Iratxe Garcia de Bikuña Zarauzko Udaleko teknikariak. "Santa Klara komentua eraikin multzo bat da. Zortzi eraikinez osatuta dago, garai desberdinetan egindakoak, gainera, eta babes berezia du. Proiektu integral bat egin zen, eraikin guztietan birgaitzeak eta eraberritzeak egiteko". Oraindik ere guztiz amaitzear dagoen lehen fase horretan egoitza nagusian zentratu direla adierazi zuen teknikariak. "Birgaitze energetikoa egin da, fatxadan eta leihoetan lanketa eginez. Estalpea jarri zaio klaustroari, eta gero, behe solairua egokitu da, erabilera anitzeko eta erakusketetarako gelak osatuz", xehatu zuen.

Aipatu gelak eta aretoak eraikinaren erdialdean kokatzen den klaustro estaliaren bueltan atondu dituzte. Herenegun bertan, areto horietako batean egin zuten ondarearen inguruko hitzaldia.

Komentuak babes berezia duela zehaztu zuen Garcia de Bikuñak. "Babes maila altuena du, eta, beraz, aldundiaren eskumena da egiten diren interbentzioen jarraipena egitea". Eraberritze proiektua abiatu zutenetik, udala eta foru instituzioa elkarlanean aritu direla ere nabarmendu zuen teknikariak. "Babes maila horrek muga batzuk zehazten ditu, eta zailtasunak ere eragiten ditu, planteatutako interbentzio batzuk ezin direlako egin; elementu batzuk mantendu behar direlako, esaterako". Teknikariak iritzi dio "prozesu konplexua" izan dela, "baina azkenean uste dut emaitza polita dela, denak gustura geratzeko modukoa", gaineratu zuen. Birgaitze lanak "errematatu" gabe daudela esan zuen Garcia de Bikuñak, eta udazkenerako eraikina erabilgarri izatea espero duela ere bai.

Ondare baliotsua

Nahiz eta lanak guztiz bukatu gabe egon, aldundiak Santa Klaran amaitu nahi zuen ondarearen inguruan antolatutako hitzaldi zikloa. Hala onartu zuen Ondare Historiko-Artistikoko foru zerbitzuko arkitekto Josu Marotok, asteazkenekoa irekiera ofiziala ez zela garbi utzita.

Zarauzkoa lurraldean egiten ari diren lanketa garrantzitsuenetakoa dela esan zuen Marotok, Oñatiko Unibertsitatean eta Donostiako Artzain Onaren katedralean egiten ari direnekin batera. "Hau da Gipuzkoan ondarearen arloan egiten ari den lan garrantzizkoenetakoa, duen balioagatik eta herrian duen eraginagatik. Horregatik, garrantzitsua da halako eraikin bat berreskuratzea eta gizarteratzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide