Zarauzko EAJren batzarrak gaur jakitera eman duenez, Garbiñe Oiarbide aukeratu du 2027ko udal hauteskundeetarako Zarauzko alkatetzarako hautagai. Erabaki honen bitartez, jeltzaleek "beraien konfiantza, esperientziadun, konprometitutako eta zerbitzu publikorako bokazio sakona duen pertsonarengan" jarri nahi izan dute, "udalerriaren garapena eta ongizatea bultzatzen jarraituko duen proiektuaren buru izateko", hain justu.
Oiarbide EAJren udal taldearen bozeramailea da egun udalean, eta bere hautagaitzak "Zarautzek datozen urteetako erronkei aurre egiteko behar duen esperientzia, kudeatzeko gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegiaren konbinazioa" irudikatzen dituela nabarmendu du talde jeltzaleak.
Halaber, batzarrak "konfiantza osoa" agertu du Oiarbiderengan, "Zarautz hobetzen jarraitzeko proiektu sendo, ilusionagarri eta prestatu baten buru izateko", hain zuzen, eta Oiarbidek "etapa berri honen buru izateko beharrezkoak diren balioak eta gaitasuna" biltzen dituela aldarrikatu du. "Udala ezagutzen du, gure herriaren beharrak ezagutzen ditu eta aurrera egiten jarraitzeko behar den determinazioa ere badauka", adierazi dute alderdiaren tokiko zuzendaritzatik.
"Aro berri bat"
Hautagaiak ardura berria "ilusioz eta esker onez" hartu duela ere kontatu dute, eta datozen hilabeteetan, "Zarautzen etorkizuna jomuga duten proposamenak eta proiektuak zehazten" arituko da talde jeltzalearekin batera, "udalerri dinamikoagoa, jasangarriagoa, kohesionatuagoa eta guztiontzako aukera gehiago izango dituena eraikitzen jarraitzeko", hain justu.
Talde jeltzaleak, halaber, Xabier Txurruka egungo alkateak udalerriarekin izan duen "ardura eta konpromisoa" eskertu du. "Bere lanak Zarautz eraldatzen eta hobetzen lagundu du modu erabakigarrian, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko oinarri sendoak ezarriz", azpimarratu du. Oiarbideren hautaketarekin, EAJk "aro berri bat" irekiko duela adierazi du, "etorkizunera begira eta Zarautzen aurrerabidea gidatzen duen indarra izaten jarraitzeko borondatearekin".