Musikari bezala, zein oholtzatara igotzea gustatuko litzaizuke?
Amets handi bat betetzea izango litzateke Kursaalen edo Viktoria Eugenia antzokian jotzea. Alboan ditugu, eta arkitektura aldetik ere ikaragarriak dira.
Ba al duzu erreferentetzat duzun musikaririk?
Asko ditut, baina lehenengoa burura etortzen zaidana Izaro da. Bere musika asko gustatzen zait, baita nola abesten duen ere.
Bakarka eta taldean jotzen duzu. Zer ematen dizu bakoitzak?
Bi gauza oso desberdin dira, eta biak gustatzen zaizkit asko. Egia da pianoarena oso arlo bakartia dela, eta hori ondo dago, zuk hartzen dituzulako erabaki guztiak. Taldean aritzea, ordea, beste gauza bat da; oso polita, nire ustez.
Mikrofonoa ala musika tresna eskuetan; nola sentitzen zara erosoago?
Bi modutara sentitzen naiz eroso, baina batera eta bestera sentitzen den presioa oso desberdina da. Pianoaren arloa oso zorrotza da, eta asko jakin arren eta zure buruarekin seguru sentitu arren, arlo gogorragoa da instrumentu horrena. Mikrofonoarekin askeago sentitzen naiz.
Zer da kontzertu batean gertatu zaizun gauzarik arraroena?
Betiko gauzak gogoratzen ditut, zuzeneko soinuarekin lotutakoak. Gogoan dut behin abesti bat erdizka entzun zutela ikusleek, soinua joan eta etorri ibili zelako.
Pianoa ez den beste musika tresna bat ikasi beharko bazenu, zein izango litzateke?
Bere garaian biolina jotzen pixka bat ikasi banuen ere, gaur egun beste musika tresna bat aukeratu beharko banu, bateria izango litzateke.
Ba al duzu musikari crush bat?
Pello Reparaz esango nuke. Gauza pila bat egin ditu, eta esan liteke badela nire crush-a.