Erretratua

Andrea Gutierrez: "Ohartu behar dugu bata bestea gabe ez garela ezer"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2026ko uztailaren 5a

Geldirik egon ezin duten horietakoa da Andrea Gutierrez. Askotariko ikasketak ditu, baina egun sare sozialen kudeaketan murgilduta dago. Bere egunerokoari lotutako edukiak ere zabaltzen ditu sareetan. Maiatzeko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako bideo elkarrizketa da honakoa.

Izatez oriotarra bada ere, lotura zuzena du Zarautzekin Andrea Gutierrezek (Orio, 1994). Gurmendi baserrikoa du senarra, Mikel Eizagirre ekoizlea, eta han bizitakoa da hainbat urtez. Egun Orion dute bizilekua, herrigunean, egunaren zati handi bat baserrian igarotzen dute, lanean. Izan ere, bertan du Gutierrezek bulegotxoa, eta handik saiatzen da bezeroen sare sozialetarako edukia sortzen. Hain zuzen ere, horixe da Zarautzekin duen beste loturetako bat: hainbat tokiko negozioren erakusleiho digitalak kudeatzen ditu, haien identitatea plataforma digitaletan zabaltzeko asmoarekin. Hori guztia nahikoa ez, eta bere egunerokotasunari lotutako bideoak ere argitaratzen ditu, nagusiki, Instagramen.

Hala eta guztiz ere, ez du bere burua eduki sortzaile edo influencer moduan identifikatzen; are gehiago, kontatu du hori entzutean "lotsa" sentitzen duela. Kontrara, bere helburua negozio txikientzat edukia sortzea dela dio. Horrek badu bere arrazoia, gainera. "Senarrari lagunduz merkatura joaten nintzen, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela sareen ideia han txertatzea. Aukera eman zidaten horretarako, eta gerora pentsatu nuen ea zergatik ezin zitekeen merkatuko dinamika Zarauzko beste negozioetara zabaldu. Pixkanaka-pixkanaka bezeroak ugaritzen joan zaizkit, eta oso gustura ari naiz horretan", kontatu du Gurmendi baserriaren kanpoaldean.

Identitatearen garrantzia

Publikoak argitaratutako edukia bakarrik ikusten duen arren, Gutierrezek dio lan handia dagoela horren atzean eta aurrez denbora dezente igarotzen duela pentsatzen eta editatzen. Egun konkretu batzuk ditu grabaketetarako finkatuta, eta beste batzuk bulegoko lanetarako, nahiz eta horiek gero momentu batetik bestera aldatzen zaizkion. Gainera, gehitu du, saiatzen dela sareak gehiegi ez kontsumitzen: "Kontraesankorra dirudi, baina egun osoa igaro daiteke sareetan, eta beraz, denbora planifikatu behar da. Begiratu behar dira sareak, ikusteko zein eduki motak funtzionatzen duen ondoen, baina mugak jarrita".

Planifikazioaz gain, baina, "naturaltasuna, komunitatea eta gertutasuna" defendatzen ditu Gutierrezek sareetan, eta hori horretan jarraitu nahi du aurrerantzean ere. "Ohartu behar dugu bata bestea gabe ez garela ezer", gehitu du.

  • Adina: 32 urte.
  • Ikasketak: Administraritza eta Finantzak gradua, eta Psikologia amaitzen.
  • Lanbidea: sare sozialen kudeatzailea.
  • Sare sozialen kudeatzailea ez banintz… lorezaina izango nintzateke. 
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunekin kalitatezko denbora pasatzea, irakurtzea eta paseatzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide