Historia egin du Erik Balentziagaren MT Melsungen talde alemaniarrak. Bere historiako lehen titulua irabazi du asteburuan, Hanburgon. Europako Liga irabazi dute, THW Kiel, Montpellier eta SG Flensburg taldeak mendean hartuz.
Larunbatean jokatu zuten finalerdietako partida, SG Flensburgen aurka. Partida biribil baten ostean, Balentziagaren taldeak lortu zuen finalerako txartela, 37-30eko emaitzarekin, eta zarauztarrak bi gol sartu zituen. Beste finalerdian THW Kiel nagusitu zitzaion Montpellier talde frantziarrari (28-29).
Gauzak horrela, atzo jokatu zuten finala bi talde irabazleek. 12.000 ikuslek bete zituzten Barclays Arenako harmailak. 60 minutuen ostean, MT Melsungenek irabazi zuen partida, 23-24koarekin. Partida gogorra eta parekatua izan zen. Atsedenaldira gol bateko errentarekin iritsi zen MT Melsungen (12-13), eta bigarren zatian alde horri eustea lortu zuen. Balentziagak gol bat sartu zuen finalean.