Hileko azken ostegunarekin batera, atzo arratsaldean egin zuten maiatzeko ohiko udalbatzarra pleno aretoan. Hainbat eztabaidagai mahaigaineratu zituzten, tartean "herrian inbertsioak egitea ahalbidetuko duten 5,5 milioi euroko kreditu aldaketa nahiz 2 milioi euroko konpromiso kreditua", eta lokalen erabilera udal etxebizitza tasatuetara bideratzeko ordenantzaren eguneraketa.
Lehen horiei dagokienez, Jesus Arana Ekonomia eta Ogasun zinegotziak eman zituen azalpenak. Kreditu aldaketa horiek 2025eko gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina mobilizatzea "ahalbidetuko" dute herritarren egunerokotasunean "eragin zuzena izango duten inbertsio bihurtuta". Espazio publiko eta mugikortasun arloari dagokionez, 1,2 milioi euro bideratuko dituzte Talaimendiko espaloia egiteko lanetara, eta 650.000 euro gehiago Munoako zoladura berritzera. "Lehen hori herritarrek asko eskatu dute, eta horien segurtasuna hobetzen lagunduko du, adibidez", zioen Aranak. Horietaz gain, bide azpiegitura lanak, semaforoetan egingo diren inbertsioak eta espazio publikoaren hobekuntzak ere gehitu zituen. Astiko futbol zelaira 3,3 miloi euro bideratuko dituzte datozen bi urteetan, eta padel pistak egiteko, berriz, beste 300.000 euro gehituko dituzte. 100.000 euro gehiago bideratuko dituzte herriko hiru haur parke berritzeko, eta Zingira elkartearentzat diru laguntzak handituko dituzte. Era berean, udal ekipamenduak "zaintzeko eta hobetzeko apustua" egingo dute: Ebroetxeako teilatua berritzeko 650.000 euro aurreikusten dituzte, eta brigadarentzat biltegi ireki bat ere egingo dute "Amillubiko eremua libratzeko". Halaber, saneamendu sarean esku-hartzeak egitea aurreikusten da, Gipuzkoako Urakekin lankidetzan, bide publikoak eta bideak hobetzea eta argiteria publikoa mantentzea. Eta zera gehitu zuen Aranak: "Hau da ulertzen dugun kudeaketa eredua, baliabide publikoen erabilera arduratsua eta Zarautz hobetzeko konpromiso irmoa".
Azken baieztapen horrekin erabat ados agertu zen Inaxio Ilarramendi PSE-EE-ko bozeramailea ere. Bere esanetan, konpromiso horrek benetan zarauztarrek "merezi" dutenari erantzuten dio, apustu eta plangintza "sendoan" oinarrituta. "Baliabide horiek erabiltzeko udal gobernu honek plagintza bat egin du, eta gai izan da diru iturri desberdinak lortu eta Zarautz hobe bat sortzeko", gaineratu zuen.
Garazi Olaizola EH Bilduko zinegotzia kritiko agertu zen udal gobernuarekin, eta bi kreditu aldaketak "norabide politiko bakarraren erakusle" direla gehitu zuen, "EAJ eta PSE-EEren programetan agertzen diren proiektuak finantzatzea helburu dutenak". Norabide horrek "zilegitasuna" duen arren, "ikuspegi partekatu eza" duela nabarmendu zuen, EH Bildurekin, informatzeaz harago, ez dutelako "ezer elkarbanatzen". Jarrera hori izanda, horrelako kreditu aldaketa babestea "oso zaila" dela zioen Olaizolak, eta zera gehitu zuen: "Ez dugu esaten dena gaizki dagoenik, proiektu batzuekin ados gaudelako, baina gure ustez, ez da mahai gainean jartzen herriaren ikuspegi estrategikoa, eta Zarautzek hori behar du, momentuko beharren arabera egokitu daitekeen mekanismoa. Finantzaketari dagokionez, gainera, diruzaintzako gerakina oso modu handian erabiltzen dute kreditu aldaketa hauek, eta horrek udalaren egoera ekonomikoa okertuko du, ikuspegi iraunkorra oztopatuz".
Olaizolaren argumentuei gogor egin zieten kontra Aranak, Illarramendik eta Xabier Txurruka alkateak. Haien esanetan, hartutako erabakiak udaleko hainbat konpromiso dokumentutan daude bilduta, eta horiek martxan jartzen dituzte "herritarrek beraiek alderdiei ematen dietelako botoa". Illarramendik leporatu zien ea zer dagoen "programa politikoa betetzea baino hoberik", eta Txurrukak, bere aldetik, "noraeza" leporatu zion EH Bilduri. "Edozein dela hartzen dugun bidea, ezetza ematen duzue, eta ez da lehen aldia. Orain urtebete, gauza bera egin zenuten Santa Klara berritzeko kreditu aldaketarekin". Aldeko 11 eta kontrako 8 botorekin onartuta gelditu ziren, beraz, kreditu aldaketak.
Etxebizitzaren aferak, askorako
Ahobatez onartu bazuten ere, luzerako eman zuen beste gaia izan zen lokalen erabilera udal etxebizitza tasatuetara bideratzeko udal ordenantzaren eguneraketarena. Gaiari buruzko lehen ordenantza 2010. urtean onartu zela azaldu zuen Garbiñe Oiarbide Hirigintza zinegotziak, eta sorreratik gaur egunera arte berberak izan direla helburuak: "Prezio mugatua daukaten etxebizitza tasatuen eskaintza handitzea eta hutsik dauden lokalei erabilera ematea". Azken ordenantzaren berrikuspena 2021. urtean onartu zutela gehitu zuen Oiarbidek, eta orain, udalaz gaindiko arauen aldaketak izan direla kontutan hartuta, "ordenantza berrikusteko beharra" ikusi dutela. Azken urteetan egindako azterketa eta partaidetza prozesuak kontutan hartuta, beraz, hainbat aldaketa nagusi izango ditu ordenantzak.
Besteak beste, Aritzbatalde plazako eta Zuberoa kaleko hainbat lokal sartu dituzte zerrendan; bizigarritasun baldintzak Erkidegoko araudiaren arabera aplikatuko dituzte aurrerantzean Zarauzkoa "murriztaileagoa" zelako; turismo ostatu erabilera duten espazioei etxebizitza erabilera ematea "erraztuko dute", esaterako, lokalek aurrerantzean ez baitute bi urtez jarduerarik gabe egon beharko bertan etxebizitza bat egiteko, eta lokal bat etxebizitza bihurtu ahal izango da nahiz eta alboan ostatu erabilera duten lokalen bat eduki. Erabilera erregimena ere "indartuko" dute, ezingo baitira lokal horiek erabilera turistikora, sasoiko alokairura edota prekarioko erregimenera bideratu. Illarramendik begi onez ikusi zuen aldaketa, aurrerapausoa delako, baina beste neurri batzuk hartzea ere eskatu zuen "etxebizitzaren arazoa" konpontzeko. "Ea neurriak hartzen jarraitzeko moduan garen Zarautzen denok bizi ahal izateko", gehitu zuen.

Itziar Murua EH Bilduko zinegotziak garbi utzi zuen lokalak, oro har, etxebizitza izateko lekurik "egokienak" ez zaizkiela iruditzen, baina "beharrezko neurri" moduan jo zuen ordenantza aldaketa, arazoa "oso larria" delako, "are gehiago Zarautzen". Eta zera gehitu zuen Muruak: "Etxebizitzak eraikitzea beharrezkoa da, bai, baina ez edozein motatako etxebizitzak, eta arazoa ez da etxeak eraikitzearekin bakarrik konpontzen, neurri gehiago hartu behar dira. Izan ere Zarautzen garbi ikusi da eraikita ere prezioek ez dutela behera egin". Neurrietako bat ere aipatu zuen Muruak: tentsio handiko eremu izendapena.
Horretaz gain, azken egunetan EH Bilduk eta EAJ-k etxebizitzari buruz argitaratutako albisteen inguruan ere mintzatu ziren. "Etxebizitza tasatuetan jarri duzue fokua, sustapen librerik egongo ez balitz bezala, eta deigarria da hori. Eraikuntzaz gain beste neurri batzuk ere aipatzen dituzue, baina horietako batzuk EH Bilduri esker hartutakoak dira. Beste batzuk jakin ere ez dakizkigu, eta kezkagarria da, baina ari bazarete, pozten gara", zioen Muruak. Oiarbidek zuzenean erantzun zion Muruari: "Gure albistea plangintza baten ondorioa da, eta horrek ez du esan nahi zuenaren erantzun bat denik. Etxebizitza libreak badaude, bai, eta horiek eraikitzea beharrezkoa da bestelako proiektuen finantziazio iturriak izateko, baina zuek horri kontra bozkatzen diozue, Amillubin bezala. Etorriko dira neurri gehiago, baina tentsio handiko eremuarena udan eutsiko geniola esan nizuen, eta horrelaxe egingo dugu, hitza betez".