Zarauzko EAJk adierazi du udalaren erronka nagusietako bat "etxebizitza eskuragarri jartzea" dela, eta helburu hori lortzeko egindako lana nabarmendu du. Egoerak neurri “serioak, egiturazkoak eta denboran iraunkorrak” eskatzen dituela defendatzen dute jeltzaleek, eta gogorarazi dute urteak daramatzatela plangintza eta erabaki zehatzekin lanean, "etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzeko eta zarauztarrei etxebizitza eskuratzea errazteko".
Aurreko astean Zarauzko EH Bilduk etxebizitza arazoaren aurrean "norabide aldaketa handi baten" beharraz, "etxebizitza merke eta iraunkorren" beharra aldarrikatu zuen. Koalizio subiranistari erantzunez, alderdi jeltzaleak udal gobernuak aurrera eramandako planteamendua berretsi du: "Etxebizitzaren arazoak plangintza egokia, akordioak, erregulazioa eta etengabeko lana eskatzen ditu. Zarautzen urteak daramatzagu herriak etxebizitza eskaintza zabala izan dezan eta zarauztarrek beren bizi proiektua herrian garatu dezaten lanean".
Gogora ekarri dute, duela hiru urte, etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko ikerketa bat bultzatu zuela udalak. 2024an, dokumentua publikoki aurkeztu zuten eta prozesu parte hartzaile irekia egin zuten, "egoerari irtenbide posibleak elkarrekin" ematea aztertzeko asmotan. Urte berean, Irita-Amillubi eremurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartu zuten, "Zarautzen etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzen jarraitzeko funtsezko urratsa". Guztira, hogei etxebizitza tasatu inguru eraikitzea aurreikusten dute Amillubin, eta alokairu babestuko 130 etxebizitza eta ehun zuzkidurazko bizitoki Iritan. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena adostuta, Iritako etxeak sustapen publiko gisa garatuko dituzte.
Sustapenetan "aurrerapausoak"
Horrez gain, udalak aurreikusitako etxebizitza sustapenetan "aurrerapausoak" ematen jarraitu duela zehaztu dute Zarauzko jeltzaleek. Azken urteetako jarduketak jarri dituzte horren adibide: 2024an, Iñurritzan 72 etxebizitza babestu egiteko lehen erabilerarako lizentziak eman zituzten, eta iaz Salberdinen beste 104 etxebizitza babestu egiteko; azken etxebizitza horiei 2026an prest egongo diren beste 230 etxebizitza babestu gehitu behar zaizkiela ere eman dute jakitera. Era berean, egungo plangintzaren barruan aurreikusitako sustapen berriak ere izan dituzte gogoan, nola hala Amillubi-Iritakoaz gain, Lanpardon 2027rako edo 2028rako aurreikusita dauden alokairu sozialeko 25 etxebizitza.
EAJk etxebizitza turistikoen eragina mugatzeko eta etxebizitza hutsen erabilera bultzatzeko hartutako neurriak ere nabarmendu ditu: "Besteak beste, etxebizitza turistikoen araudia aldatzea, araudi berria izapidetu bitartean lizentzia berriak bertan behera uztea, etxebizitza hutsei Ogasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua %100etik %150era igotzea eta lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza eguneratzea".
Zentzu horretan, iaz sustatutako Zarautzen Bizi parte hartze prozesuan adostutako neurri asko dagoeneko martxan daudela aditzera eman du EAJk. "Gainera, udala ekimen berriak lantzen ari da, hala nola udal etxebizitza tasatuaren ordenantza eguneratzea gehieneko prezioak jaisteko, hirigintza aldaketak egitea etxebizitzen banaketak errazteko eta Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko izapideak egitea". EAJ gogorarazi du jarduera horiek guztiak egungo udal gobernuak 2016an bultzatutako Etxebizitza Planaren parte direla, eta indarrean dagoen plangintzari esker, Zarautzek mila etxebizitza babestu inguru izango dituela.