43 urteko gizon batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan Arguedasen (Nafarroa). Emakumearen gorpua astelehenean topatu zuten bere senitartekoek, eta guardia zibilek haren senarra atxilotu zuten astelehenean bertan, emakumea hiltzea leporatuta. Hilketa matxista salatzeko hainbat herritar batu zen atzo arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta.
Mugimendu Feministako kideek gogoratu zuten Arguedaskoa urteko laugarren hilketa matxista izan dela, eta "mina, tristura eta haserrea" agertu zuten indarkeria matxistak egunerokoan uzten duen islarekin. "Nazkatuta gaude indarkeriara ohitu nahi gaituen sistema patriarkala desnormalizatzeaz, baina aldiro egingo diogu aurre amorruz eta indarrez".
Indarkeria matxistak "milaka aurpegia" dituela azpimarratu zuten, eta garrantzitsua dela indarkeria bakoitzaren atzean dagoen egitura osoa aztertzea. "Kasu honetan ere argi geratu da nola operatzen duten kapitalismoak eta kolonitateak kasu bakoitzean eta haiei erantzuteko eran", gaineratu zuten. Zentzu horretan, erregimen kolonialak indarkeria areagotzen duela azaldu zuten, emakume migratuak eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe utziz. "Baliabiderik eta tresnarik gabe uzten dituzten politika arrazisten ondorio zuzena da hori".
"Etenik gabeko testuinguru matxistaren" aurrean ardurak hartzeko eskatu zieten instituzioei, eta egoerarekin gelditzeko "politika publiko ausartak" martxan jartzea funtsezkoa dela aldarrikatu zuten. Halaber, herritarrei babes sareak indartzea eskatu zieten eta, batez ere, gizonei "atzeko lerroak eraldatzeko" eta "dinamika patriarkalak seinalatzeko". Amaitzeko, Mugimendu Feministak borrokan eta autodefentsan jarraituko dutela azpimarratu zuen.