Musika kaxa

Kantuaren zoriona lagunartean

Aritz Mutiozabal eta Gorka Eizagirre 2026ko maiatzaren 24a

Apirileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratu da ondorengo elkarrizketa. 

Kantua odolean darama Joxean Urbietak. Aitaren ondarea kalez kale eta plazaz plaza zabaltzeak egiten du zoriontsu Arrai Zopa taldeko kidea.

Zein da kantujira bat hasteko abesti egokiena?

Abesti egoki asko daude, baina niri kantu alai eta indartsu batekin hastea gustatzen zait. Gero, jarraituko dugu goxo batekin. Baina tonua hartzeko, hamaiketako baten ondoren, ezin duzu abesti triste batekin hasi, baizik eta animoa altxatzen duen batekin. Behin betiko, Mendizaleak aurrera eta horrelako abesti alai bat da niretzat egokiena.

Gitarra beti daramazu aldean. Bidelagun fidel bat gehiago al da?

Ni ez naiz gitarrista. Nik gitarra jotzen dut; artistak beste batzuk dira. Eskolan eta umeekin gitarra alboan izaten dut. Gure aitak [Imanol Urbietak] beti esaten zuen, bera pianista izanik, beretzako musika tresna onena gitarra zela. Izan ere, gelaz gela, kalera, mendira eta edozein tokitara joan zaitezke gitarrarekin, eta hori barruan geratu zitzaidan. Ni saiatu naiz gitarra ongi jotzen, artista izan ez arren, eta beti ondoan izaten dut.

Noiz sartzen da ondoen Arrai Zopa?

Edozein ordutan! Badakit galdera Arrai Zopa taldeagatik dela, eta esan behar dut aurten 34 urte bete dituela. Anaia eta lagun batzuk sortu zuten afari giroan kantuan aritzeko. Arrai Zopa izena jarri zioten taldeari arrain zopa bat gaizki atera, baita bigarrenean ere, eta hirugarrenean ongi atera zitzaielako. Kantuan aritu eta gero, urte batzuk lozorroan egon ondoren azken hamar urte hauek jo eta su daramatzagu.

Zure aita Imanol Urbietaren errepertorio zabaletik zein da kariño gehien diozun abestia?

Euskera, oi euskera abestia. Gure aitak Felipe Arrese Beitia olerkari bizkaitarraren hitzei musika jarri zien, 1966-67an. Nik 6 urte nituen, eta niretzako sortu zuen abestia. Ondoren, Oleskariak koruarekin abesten zuen, eta elkarrekin ere askotan abestu genuen. Oraindik ere asko abesten da Zarautzen eta Donostian, eta orain gehiago zabaldu da.

Bizitza kantu bat al da?

Niretzat bai, behintzat. Bizitza, kanturik gabe, ez da bizitza. Kantua oso inportantea da, taldean abestea batez ere.

Kantatzen ez duenak...

Zorionik ez du! Kantatzen ez duenak, zorionik ez du! [kantuan]. Mikel Mendizabal bertsolariak bertso batzuk pasatu zizkion nire aitari txapelketarako doinu berri bat aurkeztu nahi zuelako, eta halaxe sortu zen abestia. Umeen artean asko zabaldu da, batez ere Porrotxek-eta erabili dutelako, eta guk geuk ere abesten dugu.

Zorionik ez al du kantatzen ez duenak?

Bai, bai. Beste batzuek zoriona beste modu batera aurkituko dute. Gu, kantu saioa izateak, pozik jartzen gaitu. Ni, adibidez, Arrazi Zoparekin ateratzen naiz, Donostiako Egia auzoko lagun batzuekin ere bai, eta hemen Zarautzen, oraintxe hasi naiz kantujirako zuzendari bezala. Hiru zuzendari gaude eta txandaka aritzen gara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide