1985. urtean Patxiku kalean seinale bat piztu zen FMko 88.20an. Herriko kale eta etxeetan zehar azkar hedatu zen, burbuila bat bezala. Eta halaxe lehertu zen urte zoragarri batzuen ondoren. Ibilbide motza izan zuen arren, utzitako arrastoa sakona izan zen, eta hala ere denbora asko igaro behar izan zen berriz ere Zarautzen irrati libre bat martxan jartzeko. Hain zuzen ere, 20 urte beranduago, 2006an, Putzuzulo gaztetxearen okupazioan bertan egin zuen berragerpena Arraio irratiak, eta ordutik isildu gabe aritu da, oraingo honetan FMko 99.3an. 20 urte igaro ziren 80. hamarkadako Arraio irratia berriz jaiotzeko, eta ordutik 20 urte bete ditu airean.
Urteurren berezi honetan, ibilbide guzti honen parte izan direnak elkartu nahi izan ditugu, eta haiekin batera ospatu gure urtebetetzea, garai zaharrak oroituz. Putzuzulo amets fabrikan gure ametsak egi bilakatu ziren, eta bertan berpiztu eta gorpuztu zen Arraio irratia. Hango gela arrosan irratsaio bat egitearen sorginkeria dastatu dutenek badakite zeri buruz ari garen. Gure historia errepasatu dugu, eta baita gure iragan urruna ere. Nondik gatozen gogoratu dugu, eta gaur egun hemen jarraitzen badugu behar bati erantzuten diogulako da, askatasunez komunikatzeko beharrari. Zerbait esateko dagoen bitartean gure mikroak hor izango direlako.
80.hamarkadako eta gaur egungo baliabideak ezberdinak izan arren, eta garaiak ere, ideiak eta filosofiak oso antzekoak izaten jarraitzen dute gaur egun: asanblada eta autogestioa. Elkarlanean, borondatez, egunez egun, urtez urte, lan asko eginez gauzatu den proiektu bat da Arraio irratia. Pertsona askok haien zatitxo bat edo gehiago utzi dute gela arrosan, gertaera errepikaezinak bizi izan dira bertan, ezusteko edo konplizitate ugariren sorleku ere bilakatu izan da gure estudioa. Zenbat ordu igaro ote ditugu bertan! 50 bat irratsaiok elkarbanatu dute espazio aske hau urte hauetan eta guztiek oroitzen dute bertan igarotako une gogoangarriren bat.
Hala ere, beti izan dira zailtasunak irrati libreen izaera aitortua eta errespetatua izateko. Agintarien borondatearen arabera erabakitzen da gure emisio eskubidea batzuetan, bestetan diruaren legeak agintzen du, ezberdinak izango balira. Hauei aurre eginez bizi gara irrati libreak, haien gainetik dagoelako adierazpen askatasuna. Gainera, azken urteetan beste mota batzuetako zailtasunei ere aurre egin behar izan die irratiak berak medio bezala, eta horretarako streaming eta podcast bezalako hitzak gehitu behar izan dira irratiaren hiztegira, irratia entzuteko moduaren eraldaketa adierazteko.
20 urte hauek eman diguten esperientzia eta indarra baliatuz aurrera darraigu FMko 99.3an. Gure uhinen bidez zabaltzen diren edukiak Euskal Herrikoak dira gehienbat, Arrosa sarearen partaide garenez bertako irratiek eskaintzen dituzten irratsaioak ematen ditugu; batzuk zuzenean, adibidez, goizetan aktualitatea jarraituz iparraldetik, eta baita arratsaldeetan, elkarlanean ekoitzitako Zebrabidea magazina ere. Parrilan gai edo arlo ezberdinetako saioak aurkituko dituzue. Baina guzti honen gainetik, noski, gure irratsaioak, hauexek dira megahertzioei arima jartzen dieten bereizgarriak, zuen afalorduak girotzen dituzten konpainia atseginak edo nahieran entzuteko dituzuen saioak. Hau gutxi balitz, guk geuk grabatu ditugun kontzertuen emisio bereziak, umeentzako txokoa, podcast euskaldun batzuk eta, nola ez, gure hari musikala, eguna alaitzen duen DJa. Sintonizatzen duzunean ohartuko zara.
"Entzun gaitzazu, ez zara damutuko gero", zioen gure lehen soinu deietako batek. Baina ez gara entzuteko bakarrik: irrati libreok gure mikroak bezala gure ateak ere irekiak ditugu adierazteko zerbait duenarentzat. Gure estudiora edota asanbladetara etortzeko gonbita luzatzen diegu herritarrei. Irratsaio, podcast edo zerbait egiteko gogoekin bazaude badakizu non gauden: Hiruputzu gaztetxean. Ahotsik ez dutenen ahotsa izateko jaio ziren irrati libreak eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, gure uhinek horma guztiak igarotzen baitituzte.
Mila esker bihotzez proiektu honen parte izan eta zareten guztioi. Ematen diguzuen energiarekin elikatzen dira gure uhin askeak, eta zuen etxeetaraino iristen dira bueltan, zuen belarrien gozagarri. Jarrai dezagun beste 20 urtez Arraio irratia entzuten eta egiten! Gora Arraio, redio!