Sarrera guztiak agortuta, bigarren emanaldi bat eskainiko du Imanol Epeldek hilaren 29an

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 19a

Imanol Epelde. (Utzitakoa)

Zerbait sartu zait begian ikuskizuna eskainiko du Epeldek Literaturiako egitarauaren barruan, baina lehen emanaldiko sarrera guztiak agortu direnez, beste emanaldi bat eskainiko du, 22:00etan. 

Hilaren 29an hasiko da Literaturia aurten eta, urtero bezala, hainbat eta hainbat aurkezpen eta emanaldik osatuko dute egitaraua. Horietako bat da Imanol Epeldek urtarrilean aurkeztu zuen Zerbait sartu zait begian ikuskizuna, irekiera egunean 20:00etan eskainiko duena. Emanaldi horretako sarrerak ostiralean jarri zituzten salgai, baina guztiak agortu dira dagoeneko. Horregatik, Epeldek bigarren saio bat eskainiko du 22:00etan, eta sarrerak Modelon edo internet bidez eskura daitezke jada.

Sortzaileak azaldu duenez, ikuskizunak "hitza, musika, irudia eta umorea" uztartzen ditu. Ez da kontzertu bat, baina musikatik "asko" duela dio, ez eta antzerki bat, nahiz eta "antzezpenetik" baduen. "Ez da bakarrizketa bat, baina hitza da protagonista nagusia", esan du. Zarauztarrak dio barre egiteko uneak dituela, baita pentsatzekoak ere. "Umorez eta emozioz kontatzen du eguneroko kontuetatik abiatuta barruan mugitzen zaiguna", gaineratu du. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide