Geuretik Sortuak Beken hirugarren edizioaren bitartez, komikigintza, literatura, zinegintza eta antzerkigintzako 30 lan sortu dira 2025ean zehar. Udalbiltzak antolatzen dituen sormen egonaldi hauei esker ondu diren lanak 2026an gozatzeko aukera izango da herriz herri. Antzerkiaren esparruan, bekari esker zortzi obra taularatuko dira, eta horien artean Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian lana.
Ajangizen eta Muxikan (Bizkaia) egin zituen sormen egonaldiak Epeldek, abuztuan eta irailean, eta urtarrilaren 23an estreinatuko du antzezlana Ajangizko elizan, 20:00etan. "Euskara minorizazio egoera larrian dago" eta "abiadura gero eta azaleratuagoan bizi den gizarte scroller-a da gurea, bizitza modernoak gaixotua eta medikalizatua", egungo testuinguru soziala zehaztu du zarauztarrak. Baina baita bere asmoak zeintzuk diren azaldu ere: "Poz bat, mezu bat, gogo bat piztera dator Zerbait sartu zait begian emanaldia. Botika bat izan nahi du noraez indibidual eta kolektiboarentzat". Zarautzen, esaterako, Literatura jaialdiaren barruan izango da maiatzaren 29an.
Beka jaso duen beste antzezlanetako bat Metrokoadroka konpainiaren Bi baso bat ur da. Aktore lantaldean Iraia Elias zarauztarra dago, Intza Alkain, Javier Barandiaran eta Marina Suarezekin batera. Testua eta dramaturgia Oier Guillanek, Miren Azkaratek eta antzezlaneko taldeak landu du Galdakaon (Bizkaia) eginiko egonaldian; otsailean berriz itzuliko dira, estreinaldia baino lehenago, dena ongi zorroztera. Ondoren, otsailaren 19an estreinatuko dute Galdakon bertan, eta hilabete geroago, martxoaren 13an, Zarauzko Modelo aretoan izango da ikusgai. Tratu txarren osteko alaitasunari buruzko obra gisa definitu du konpainiak.