Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Zarauzko Klimb rokodromoarekin lankidetzan, eskaladan hasteko programa bat jarriko du martxan emakumeentzat, "kirola sustatzeko, ikasteko espazio seguruak sortzeko eta diziplina hori eskaladan hasi edo konfiantza irabazi nahi duten emakumeei hurbiltzeko" helburuarekin. Hiru egunetan banatu dute ekimena, eta hurrengo ostiralerako jarri dute lehen hitzordua, hilaren 15erako. Beste biak ekainean izango dira, 5ean eta 12an, zehazki. 19:00etatik 21:00etara izango dira horiek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, programak saio praktikoak, eduki teknikoak, hausnarketa-espazioak eta erreferentziazko eskalatzaileekin partekatutako esperientziak uztartuko ditu. Goizane Alvarez Kultura eta Kirol dipitatuak azpimarratu duenez, ekimenak "oso ideia argiari erantzuten dio: ate gehiago irekitzea emakumeak kirolera konfiantzaz, segurtasunez eta laguntzarekin hurbildu ahal izateko". Adierazi duenez, azken urteotan "asko" hazi den diziplina da eskalada, baina "oraindik ere emakume gehiago probatzera, ikastera eta kirol horren parte sentitzera animatuko dituzten espazioak sortu behar dira".
Behar hori asetzeko asmoz, hainbat hitzordu zehaztu dituzte, lehenengoa datorren ostiralean. Bertan, aurkezpen saioa, Ainhize Belar eskalatzailearekin eta beste kirolari batzuekin solasaldia eta eskaladako hastapenen zati praktiko bat eskainiko dituzte. Lehen jardunaldi horretan, gainera, antolatzaileek gehitu dute "esperientzia pertsonalak, erreferente femeninoak eta emakumeak kirol horretan duen zeregina bezalako gaiak" jorratuko dituztela.
Bigarren saioa ekainaren 5ean izango da, eta ikaskuntza teknikoa izango dute ardatz bertan. Modu autonomoan eta seguruan aurrera egitera, behar bezala entrenatzera eta lesioak saihestera bideratutako edukiak eskainiko dituzte. Programa azken saioa ekainaren 12an izango da, eta eskalada kirol kolektibo gisa eta norberaren hobekuntzarako tresna gisa landuko dute. Amaitzeko, lau eskalatzailek erakusketa txiki bat egingo dute, lehiaketa formatuan. Klimb Zarautzen webgunean eman beharko da izena, eta hala egin nahi dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte hiru saioengatik. Bi saiotara joan nahi izanez gero 15 euroko kostua izango du parte hartzaileak, eta bakar batera joateko, berriz, 10 eurokoa.