80ko hamarkadan Patxiku kalean sortu zen Arraio irratia, Jose Mari Ortiz de Zarate Fonsi-k utzitako etxe batean. Autogestioaren bidetik hainbat urtez uhinak astindu ondoren, lozorro luzean murgildu zen. 2006an, Putzuzulo gaztetxearen okupazioarekin, Zarauzko irrati librearen izena eta izana berpizteko aukera sortu zen, eta aurten, ordutik hogei urte igaro diren honetan –maiatzaren 20a da eguna–, Hiruputzun jarraitzen dute saioak eskaintzen.
Urtemuga borobila ospatzeko ekitaldien artean, Arraioren atzera begirakoa egiteko tartea hartu dute irratiko kideek, eta ... + 20 urte uhinetan aske izeneko erakusketa ondu dute, 310 dendan nahiz Garoa liburu dendan ikusgai jarriz. Irratiaren sorreratik gaur egunera arteko argazkiak, kartelak eta programazioen eskuorriak ikusteko parada dago gune horietan; elementu horietako batzuk urte luzez gordeta egondakoak dira, hain justu ere.
Esaterako, Patxiku kaleko zuri-beltzeko estudiotik gela arrosarako bilakaera osoa jasotzen du Garoako mostrak: urte hauetan guztietan Arraioko mikrofonoetatik igaro diren hamaika herritarren aurpegiek argitzen dute espazioa. Bitxiak diren edo ikusleari deigarriak egingo zaizkion hainbat gauza ere badira erakusketan; alde batetik, 80ko hamarkadan FMko 88.2 seinalean emititzen zuten (egun, FMko 99.3an), eta hori agerian uzten duten kartelak eta afixak ageri dira; eta bestetik, Zarauzko 1987ko Kilometroetako hitzaldi baten grabazioaren bobina zahar bat paratu dute.
Erakusketa osatzeko, Arraio irratiaren eta Gukaren artxiboaz gain, hainbat norbanakoren eta eragileren irudiak erabili dituzte: Iñaki Kaperotxipirenak, Marijo Muruarenak, Mikel Unzurrunzaga Makala-renak, Josu Izeta Toxa-renak, Kepa Muruarenak, Alberto Zaroberenak, Boerorenak, Marimar Castrorenak eta Zarauzko Udalarenak. Jakitera eman dutenez, ekainaren amaiera bitartean bisitatu ahal izango da, betiere aipatu bi denden ordutegien barruan.
Urteurren data maiatzaren 20a bada ere, festa egun nagusia maiatzaren 9an izango da. Kalejira historikoa egingo dute Santa Marina kaletik hasita, 11:30ean, eta ondoren, Mor More taldeak emanaldia eskainiko du Putzuzulo zegoen tokian. Lagunarteko bazkaria ere antolatu dute eguerdirako, Hiruputzun; gehienez ere ehun lagunentzako dago tokia, eta aurrez izena eman behar da. Iluntzean, 21:00etatik aurrera, Zaaf, Perlata eta Gaizkiñe taldeen kontzertuak izango dira; sarrerek 8 euro balio dute, eta 310 dendan daude salgai.