Gogor aritu dira Eulen-Amenabarreko txirrindulariak asteburuan

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 8a

Eulen-Amenabar taldeko txirrindulari bat, igandean jokatutako Euskadiko Afizionatuen Txapelketan. (utzitakoa)

Eulen-Amenabarreko gizonezkoen taldeak Euskadiko Afizionatuen Txapelketan partu hartu zuen igandean, Zornotzan (Bizkaia). Quentin Ospitalek ihesaldian sartzea lortu zen, eta Lohann Vuillez 15. postuan sailkatu zen.

Taldean hainbat baja zeudenez, Eulen-Amenabarreko txirrindulariek "ikuspegi ezberdina" planteatu behar izan zuten pasa den igandean Zornotzan (Bizkaia) jokatutako Euskadiko Afizionatuen Txapelketan. Soilik zortzi txirrindulariren parte hartzearekin, "ausart" jokatzeko eguna izan zen igandekoa. 

Quentin Ospitalek eta Lohann Vuillezek lehenengo ihesaldi handi batean sartzea lortu zuten, ia 40 txirrindularikoa, hain justu. Atzean tropelak erantzun zuen, eta Muniketaganeko lehenengo igoeran harrapatu zituen ihesitako txirrindulariak. Dena den, Ospitalek ez zuen amore eman, eta igoerako azken kilometroetan eta jaitsieran erasora pasa zen, berriz ere ihesaldia bilatu nahian.

Urrutxuako mendatean gora, lau txirrindularik alde egin zuten, eta bigarren aldiz Muniketagane igarotzean, Ospitalek beste bi txirrindularirekin eraso bat jo eta lasterketa bururaino iritsi zen. Lortutako errenta ez zen handiegia —30 eta 40 segundo artean—, baina ihes egindako txirrindulariek oreka lortu zuten, eta lehiaketako azken itzulian sartu ziren.

Muniketaganeko azken igoeran ihesaldiak erritmoa estutu zuen, tropela geroz eta hurbilago sentitzen zutelako. Lasterketa "ausart" baten ostean, Ospitalek amore eman zuen "erritmoari jarraitu ezinik", eta tropelak "irentsi" egin zuen. Tropela jazarpen sendoa egiten ahalegindu bazen ere, ez zen gai izan ihesitako txirrindulariak harrapatzeko helmugan. Sprintean, Lohann Vuillezek 15. postuan amaitu zuen.

Hurrengo asteburuan gizonezkoen taldeak Cirilo Zunzarrenen Oroimenezkoan parte hartuko du Lizarran (Nafarroa), eta emakumezkoen taldeak, berriz ere, Espainiako Kopako lehiari ekingo dio Betanzosen eta Pontevedran (Espainia).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide