Saio bereziak

Euskara da Urola Kosta ere

Erredakzioa 2026ko martxoaren 29a

Korrikaren 24. edizioa joan zen asteazkenean eta atzo igaro zen Urola Kostatik. Bi egun horietan hartutako irudiekin nahiz herritarren adierazpenekin osatutako ikus-entzunezkoa da honako hau.

Gaur bukatu da Bilbon martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi zen 24. Korrika. Euskal Herriaren luze-zabalean 3.000 kilometro baino gehiago egin ditu euskararen aldeko egitasmoak, gau eta egun, eta eskuz esku ibili dute herritarrek han eta hemen, Korrikaren lekukoa. 

Urola Kostatik joan zen asteazkenean igaro zen aurreneko aldiz Korrika; Oriotik, Zarautzik, Getariatik, Zumaiatik nahiz Arroabetik igaro zen. Atzo itzuli zen eskualdera, Errezildik barrena, eta Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatu zituen. Jendetza. Horixe izan da Korrikaren aurtengo edizioak utzi duenaren laburpena, eta Urola Kosta ez da salbuespena izan; milaka herritarrek egin dute bat egitasmoarekin.

Irudi ikusgarriak utzi ditu Korrikak eskualdean, beste behin, eta hain zuzen, Gukak horiek denak jaso ditu bideoan. Irudi horiek baliatuta, dronearekin jasotako beste hainbatek lagunduta nahiz Korrikaren furgonetatik grabatutakoak batuta, ikus-entzunezkoa osatu du hedabideak. 

Korrika bera ez da, baina, ondutako lanaren protagonista bakarra. Herritarrek egiten dute Korrika, eta hasi zenetik, era batera edo bestera, egitasmoan parte hartu duten herritar hainbatek lekukotzekin osatu du Gukak ikus-entzunezkoa. Urola Kosta ere euskara delako; herritarrak euskara direlako; Guka ere euskara delako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide