Marokoko Pro Taghazout Bay txapelketa irabazi berri du Adur Amatriain surflari zarauztarrak, finalean Lanzaroteko (Espainia) Conor Donegan gainditu ondoren. Saioa hasieratik menderatu du, eta aurretik joan da uneoro olatu hobeak hartuz. Azkenean, 13.40 punturekin (6.80 + 6.60) nagusitu da; Doneganek, berriz, 12.10 puntu (6.80 + 5.30) lortu ditu.
Txapelketa benetan borobila osatu du Amatriainek, eta jokatu dituen kanporaketa guztietan gailendu da. Sailkapenean lider zihoan Guilherme Ribeiro portugaldarra kanporatu zuen, eta finalerdietan Justin Becret frantsesa garaituta, jada, bermatuta zuen lehen postua. Beraz, txapelketa irabazteaz gain, Europako txapeldun berria da zarauztarra.
Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak ere balentria bera egin du. Pro Taghazout Bay txapelketa irabazi beharra zeukan Europako txapeldun izateko, eta halaxe egin du: 14.83 puntu (8.00 + 6.83) lortuta, Alys Barton ingelesa garaitu du; honek 11.33 puntu erdietsi ditu (7.00 + 5.33). Hiru aldiz junior mailan Europako txapeldun izan ostean, orain absolutu mailan ere lortu du titulua.