Emaitza oso onak lortu ditu Judo Klub Lizardik asteburu honetan Marinen (Galizia). Espainiako Superkopan lehiatu dira Zarauzko klubeko lau kirolari, Espainiako judo egutegiaren hitzordu garrantzitsuan.
Ostiralean bidaiatu zuten Galiziara judokek, eta lehiaketa larunbatean hasi zen, 09:00etan. Lizardik hiru emakumezko eta gizonezko kirolari bat aurkeztu zituen txapelketan, eta emaitza oso onak lortu zituzten guztiek: urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat hain justu, baita tatamian borroka bikainak ere.
Jardunaldiko albisterik onena 78 kilo azpiko kategorian izan zen. Naiara Villasantek urrea eskuratu zuen, txapelketan nagusitasunez jardun ostean. Lizardiko judokak bere lau borrokaldiak irabazi zituen.
Gizonetan, 81 kilo azpiko kategorian, Gleb Oluvebek ere lau borrokaldiak irabazi zituen, guztiak zutikako judoan eta mugimendu ikusgarriekin. Finalean, ordea, ezin izan zuen Portugalgo ordezkaria gainditu. Zilarrezko domina eskuratu zuen horrela.
52 kiloko kategorian, Eva Manzanasek lan oso txukuna egin zuen; brontzezko domina eskuratzetik oso gertu geratu zen, eta borrokaldi oso onak egin zituen arren, ezin izan zuen podiumera igo. 57 kilotan, Nahia Arregik ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. Lehen borrokaldia galdu zuen, eta bertan amaitu zen haren lehia.