Goizeko piketeen eta herribiraren ondotik, Zarauzko Greba Batzordeak antolatutako manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean herrian. Gutxieneko soldata hemen erabaki, LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko zioen pankarta eskuartean hartuta, alde zaharreko hainbat kale zeharkatu dituzte.
Zehazki, Lege Zaharren Enparantzatik hasi eta Zigordia kaletik Musika Plazaraino abiatu dira, handik Narros jauregi aldera hartu dute eta Nafarroa kaletik hainbat metro egin ondoren, Azara kalea gurutzatu dute jarraian Kale Nagusia hartzeko. San Frantzisko kaletik Lege Zaharren Enparantzara itzuli dira amaieran. Jende andanak egin du bat hitzorduarekin, eta bertan irten dira Pentsiodunen Mugimenduko kideak ere.
Hasierako puntura itzulita, hainbat aldarrikapen egiteko momentua izan da. Azpimarratu dutenez, Zarautzek ere "bizitza duinen aldeko" jarrera erakutsi du gaurkoan, kontuan hartuta ez direla garai "errazak" langile eta erdi sektoreentzat. "Leku guztietan entzuten dugu krisi hitza: krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena... Sistema kapitalistak mundua hankaz gora jarri digu, besteak beste, joera faxistak hedatuz eta pobrezian nahiz prekarietatean sakonduz", esan dute. Euskal Herria egoera horretatik salbu ez dagoela argudiatu dute, eta horregatik, ezinbestekotzat jo dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabaki ahal izatea eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea. "Inork ez du nahi bizi proiektu bat garatzeko estu ibili, horrek eragin zuzena duelako gure gorputzetan, osasunean, harreman sozial eta laboraletan, baita eskubideetan ere", nabarmendu dute.
Egoera larriak pairatzen dituzten horien alde egiteko, herriko hainbat talde batu dira gaurkoan, "aldarria denen artean" zabaltzeko. "Gure artean desadostasunak izanda ere, borrokan egiteko prest aurkituko gaituzue, gehiago delako batzen gaituena", nabarmendu dute. Aldi berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete gaur saltokiak itxi dituztenei, beren jarduna egokitu duten elkarteei edota eragile sozialei.