ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituta, gaur greba eguna da Euskal Herrian, eta Zarautzen ere eragin nabarmena izan du lanuzteak. Piketeak egin dituzte goizean goizetik herriko enpresak eta establezimenduak grebara batzeko; Zarauzko Greba Batzordeak eguneko lehen orduetan eginiko herribira lasai antzera joan den bitartean, GKSk eginikoan kide batzuk identidikatu ditu Ertzaintzak, baina ez gehiagora joan kontua.
Zarauzko Greba Batzordearen deialdiari erantzunez, 09:00 pasatxo zirela, dozenaka lagun irten da kalera protesta egitera, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabaki ahal izatea eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila eskatzea aldarrikatzeko.
Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta egin dute mobilizazio ibiltaria alde zaharrean barna. Bozgorailutik gutxieneko soldaten aldarriak eginez, eskuorriak banatuz eta airera botaraziz, pegatinak nonahi itsatsiz...Ia hutsik zegoen Merkatu plazan sartu dira lehenik, eta jarraian, San Frantzisko kalea, Kale Nagusia, Santa Marina, Herrikobarra eta Zigordia kaleak barreiatu dituzte, hurrenez hurren.
Gaur Greba Eguan da eta Hemen lan egin hemen erabaki oihuak eta txilibitu hotsak ozen zabaldu dituzte lau haizetara. Gainera, irekita zeuden saltokiak itxiaraztera gonbidatu dituzte, eta herriko supermerkatu nagusietara ere sartu dira prosteta egitera. Tren geltoki aldamenean amaitu dute goizeko kalejira, Donostiako manifestaziora joateko.