Zarauzko La Salleko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo ikastetxe aurrean Zuekin gaude zioen pankartaren atzean, "babes eta elkartasun osoa" helarazteko "2024ko urrian egindako adierazpenari eutsiz", Patxi Ezkiaga La Salleko anai eta irakasleak egindako sexu abusuak jasan zituzten biktimei eta haien familiei.
Ikastetxeak "indar osoz gaitzetsi nahi ditu gisa honetako ekintzak" eta eskaera irmoa ere egin du: "Irmoki eskatu nahi diegu dagokien erakundeei, behingoz, biktimei entzun eta erreparaziorako pauso egokiak emateko".
Izan ere, egunotan hainbat komunikabidetan argitaratu da Arartekoak egindako salaketa: Patxi Ezkiaga Donostiako La Salleko irakaslearen abusuen aurrean, Donostiako ikastetxe horrek ez dituela aintzat hartu biktimen eskariak. 26 emakumek salatuta dute Ezkiaga sexu abusuak egiteagatik, tartean Olatz Mercader zarauztarrak. Biktimek, Arartekoaren bidez, eskolari eskatu zioten "erreparazio kolektiboa eta publikoa" egin zezala. Eskolako arduradunek, baina, uko egin ziote eskaerari.