Martxoaren 8a

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala plazaratu du udalak

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 8a

Udal ordezkariak, M8ko pankarta eskutan dutela. (Zarauzko Udala)

Martxoaren 8ari lotutako adierazpen instituzionala plazaratzeaz gain, egunean zehar egingo diren ekitaldi eta deialdietan parte hartzera gonbidatu ditu Zarauzko Udalak herritarrak. 

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, Martxoaren 8a, eta egun horren harira adierazpen instituzionala plazaratu du Zarauzko Udalak. Bertan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun "erreal eta eraginkorrarekin" duten konpromisoa "irmoki" berresten dutela dio udalak. Horrekin batera, azken aldian berdintasunaren aurka diskurtso desberdinak entzun ahal izan direla ere gogoratu dute, eta berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko "ahota irmo" altxako dutela ere azpimarratu nahi izan du udalak. 

Azken aldiko diskurtso antifeministak, Zarauzko Udalaren ustetan, "erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua" osatzen dute, eta azpimarratu du udalak, eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu. Aldi berean, nabarmendu du berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere. Zarauzko Udalaren iritziz, "giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua".

Berdintasunaren defentsa sutsua egin du udalak adierazpen instituzionalean, eta gogoratu du "berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik". Hala, herritarrei zein instituzioei dei egin nahi die "batuta eta elkartuta irmo" egotera, "lortutako eskubideak  defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko".

Horrekin batera, konpromiso batzuk hartu dituela ere gogoratu du udalak, hala nola: 

  • Gure udalerri eta eskualdeetan taldeak sor daitezen sustatzea, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko  eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko.  
  • Tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko. 
  • Erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan. 
  • Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten. 

Amaitzeko, gaurko egunean zehar egingo diren ekintza eta deialdietan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide