Neurri motzeko errimak

Intza Trula, Mireia Galarza Bastida eta Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 8a

Otsaileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratu da galdera-erantzunen elkarrizketa hau. Motxian-Etxebeltz bertsoguneko kidea Amaia Urbietak erantzun ditu Musika kaxa ataleko galderak.

Motxian-Etxebeltz bertsoguneko kidea da Amaia Urbieta, eta azkenaldian, bertsotan baino gehiago, antolatzaile lanetan aritu da; hala nola Bertso Astean, Bertsolari Gazteen Lizardi Sarian eta Zarauzko Kopla Txapelketan.

Gitarra eta ahotsa menperatzen dituzu. Inoiz pentsatu al duzu musika ogibide bihurtzea?

Segur aski, nerabe nintzenean pentsatuko nuen behin baino gehiagotan. Baina, hortik aurrera, ez!

Bietako bat zure bizitzatik ezabatu beharko bazenu, zer izango litzateke: bertsoa ala gitarra?

Biak nahiko ezabatuta daude oraintxe bertan, baina gitarrak presentzia gutxiago daukala esango nuke.

Zer duzu nahiago, Zarauzko Kopla Txapelketa ala Bertsolaritza Txapelketa Nagusia?

Zarauzko Kopla Txapelketa, zalantzarik gabe.

Aukeratzen hasita, zein da bertsotarako plaza hobea: Hernani ala Zarautz?

Ni bertsotan aritzen nintzenean inguru hau ezagunagoa nuen; beraz, Zarautz esango dut.

Bertsotarako zein duzu doinu gustukoena?

Doinua bera ez dakit, baina neurria motza esango nuke, hiru puntuko kopla batena.

Antolatzaile bezala, nor aukeratuko zenuke bertso afari baterako?

Oso aukeraketa zaila da hori, baina, beno, bi izen esatearren, saltsa, gatza eta piperra dituztelako, Libe Goenaga getariarra eta Onintza Enbeita aukeratuko nituzke. Bikote polita osatuko lukete.

Bertsolari edo musikari crush bat?

Gaur egun ez daukat horrelako fijaziorik inorengan, baina bere garaian, nerabe nintzenean, Aitzol Barandiaran inportantea izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide