Zaintza diagnostiko integrala egitea onartuta, "herriko zaintza-beharrak, baliabideak eta hutsuneak modu objektiboan aztertzeko"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2026ko otsailaren 27a

Bi pertsonen eskuak.

Aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean zaintza-diagnostiko integrala martxan jartzearen aldeko mozioa, EH Bilduk aurkeztua. Zarautz tentsio handiko eremu izendatzeko mozioaz ere jardun zuten atzoko bilkuran, eta koalizio subiranistak udal gobernuari eskatu zion horrekin lanean hasteko "urtebetean ez baita urratsik egin".

Otsaileko udalbatzarrean EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu da aho batez, eta Zarauzko Udalak datozen hilabeteetan zaintza diagnostiko integrala jarri beharko du martxan. EH Bilduk erabakia oso positibotzat jo du, "herritarren ongizatea eta zaintza-sistema hobetzeko oinarrizko urratsa" delakoan.

Mozioak jasotzen duenez, diagnostikoak genero ikuspegia eta ikuspegi komunitarioa izango ditu ardatz, eta udalerriko zaintza-beharrak, baliabideak eta hutsuneak modu objektiboan aztertuko ditu. Horrez gain, prozesua egiteko baliabide tekniko egokiak jarriko dira, eta ondoren Zaintza Plan Estrategikoa lantzeko proposamena aurkeztuko da.

EH Bilduk gogorarazi duenez, azken urteetan Gipuzkoako hainbat udalerrik —Pasaia, Donostia, Orio, Azpeitia, Tolosa, Elgoibar, Zumarraga— Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen zaintza-eredu komunitario eta integratuaren ildotik lan egin dute, eta emaitza oso baliagarriak lortu dituzte. Zarautzek ere bide horri ekitea "logikoa eta beharrezkoa" zela nabarmendu du koalizioak.

Zarauzko EH Bilduren ustez, "Zarautzen zaintza-lanen zama gero eta handiagoa da, eta askotan emakumeen gain geratzen da. Egoera horri modu integralean heltzeko, ezinbestekoa da diagnostiko sakon eta partekatu bat egitea".

Koalizioak eskertu egin du mozioaren aldeko babesa: "Pozgarria da udal taldeek erronka hau modu bateratuan ulertu izana. Zaintza ez da inoren bandera, herri osoaren ardura baizik".

EH Bilduren udal taldeak adierazi du lanean jarraituko duela diagnostikoaren garapena eta ondorengo planifikazioa "serio, garden eta parte-hartzailean" gauzatu dadin.

Eremu tentsionatua

Bestetik, atzoko udalbatzarrean EH Bilduk udal gobernuari gogorarazi dio Zarautz tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa onartu zuela duela urtebete, eta ekimena hartzeko eskatu dio, "urtebetean ez baita urratsik egin".

Koalizioaren esanetan, hiru urtetako etxebizitza plana egin ondoren, gune tentsionatu izendatzeak honako urratsak ahalbidetuko lituzke besteak beste zarauztarrentzat: alokairuen prezioei topea jartzea, etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak hartzea, edo etxebizitza turistikoak arautzeko neurriak finkatzea etab.

EH Bilduren ustez, etxebizitzak eraikitzeaz gain, beste neurri batzuk aplikatzea ere beharrezkoa da, eta horretarako etxebizitza politiketarako bide-orri bat egitea "ezinbestekoa" dela iritzi dio.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide