Zarauzko Udalak ezagutarazi du Martxoaren 8aren bueltan antolatu dituen hitzorduen programa. Jakitera eman duenez, bi ardatz nagusi oinarri hartuta osatu du aurtengo egitaraua: Latidos Mariposas eta Emakume Kirolari Erreferenteak proiektuen bueltan, alegia.
Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziaren esanetan, "XXI. mendeko Europan, emakumeok, emakume izate hutsagatik, desberdintasunak, diskriminazioak eta erasoak jasaten jarraitzen dugu". Hori horrela izanik, ondorengoa azpimarratu du: "Martxoaren 8a ezinbesteko jardunaldia da aurrerapen feministak aldarrikatzeko, baina baita egiteke dagoen guztia gogoratzeko ere".
"Zarautzek ez du beste aldera begiratzen"
Latidos Mariposas proiektua indarkeria bikarioari buruzko sentsibilizazioan zentratuta dagoen proiektua da, Itziar Pratsek eta Isabel Martinezek bultzatutakoa. Hain justu, Pratsen esperientzia pertsonaletik sortu zen proiektua, aitak bere bi alabak hil ondoren. "Proiektu honekin bat egitean, ozen eta argi esaten dugu Zarautzek ez duela beste aldera begiratzen indarkeria honen aurrean. Biktimei laguntzeko eta indarkeria matxista mota hori eta guztiak desagerrarazteko lan egiteko kolektiboki antolatzen gara", esan du Vazquezek.
Emakumeen Etxeari, ikastetxeei eta Gaztelekuari lotutako hainbat emakume-kolektibok parte hartu dute prozesu parte hartzaile honetan, eta udalak eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei, "konpromisoagatik". Proiektuaren baitan mila tximeleta baino gehiago egin dituzte eskuz, eta horiek indarkeria bikarioaren biktimekiko elkartasuna eta indarkeria matxistarik gabeko mundu hobea eraikitzeko borondate irmoa erakusten dituzte.
Tximeletak Modelo aretoan eta Emakumeen Etxearen aurreko plazan itsatsiko dituzte Pratsek eta Martinezek. Hilaren 6an, 19:00etan, Modelo apainduko dute, proiektuaren aurkezpena egitearekin batera; 7an, berriz, Emakumeen Etxearen aurreko parkean itsatsiko dituzte, 12:00etan. Ekitaldi publikoa egiteko baliatuko dute hitzordu hori. Horrez aparte, martxoaren 12an, 17:00etan, enbor bat apainduko da Langako plazan, "oroimenaren eta konpromisoaren sinbolo iraunkor modura" geratuko dena.
Emakume Erreferenteak Kirolean
Emakume Erreferenteak Kirolean ekimena, berriz, tradizioz maskulinizatutako esparru batean nabarmendu diren emakumeak ikusarazteko helburu duen ekimena da. Kirol Sailaren, Zarauzko Kirol Klubaren eta Murkil Zarauzko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin egin dute. "Kiroletik ere berdintasuna eraikitzen lagundu behar dugu. Emakume erreferenteak ikusarazteak, haien ibilbidea aitortzeaz gain, haien eredua jarraitzeko inspirazioa ematen die neskei eta gazteei", adierazi du Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak.
Hala, martxoaren 6tik 20ra, Zarauzko hemezortzi establezimenduk euren erakusleihoak apainduko dituzte, historian zehar nabarmendu diren kirolarien ibilbidearekin. Horrez aparte, ikastetxeetan ere hitzaldiak emango dituzte Zarauzko kirolariek, eta Gaztelekuan tailerrak izango dira. Halaber, emakumeen entrenamenduetan bideoak grabatuko dituzte, sare sozialetan zabaltzeko, eta kirol klubei Emakumeok lehen lerroan, kirolean ere lelodun kamisetak banatuko dizkiete.
Udalak herritar guztiak animatu ditu programatutako jardueretan parte hartzera, "benetako berdintasun eraginkorraren aldeko konpromiso kolektibo horrekin bat eginez".
Egitaraua:
Martxoak 6, ostirala
- 19:00. Latidos Mariposas proiektuaren aurkezpena eta solasaldia, Modelo aretoan.
Martxoak 7, larunbata
- 12:00. Ekitaldi publikoa, Belauntzaran plazan.
Martxoak 12, osteguna
- 17:00. Zuhaitz pintaketa, Langako plazan.
Martxoaren 6tik 20ra
- Zarauzko dendetako erakusleihoak apainduta egongo dira.
Martxoaren 7tik 15era
- Emakume Kirolarien Aste Morea: ikastetxeetan solasaldiak, Gaztelekuan tailerrak eta kirol entrenamenduetan grabaketak.