Astelehenetik aurrera eman ahal izango da izena Salberdingo alokairurako etxebizitzen zozketan parte hartzeko. Orotara, 91 etxebizitza zozkatuko dituzte, R-9 lursailean kokatuta daudenak, 34 eta 36 zenbakietan. Bertan izena emateako epea martxoaren 2tik 20ra bitartean egongo da zabalik, bi egunak barne hartuta.
91 etxebizitza horiek zortzi solairutan banatuta egongo dira, eta garaje eta trasteleku bana ere izango dute. Horietatik zazpi gela bakarrekoak izango dira –45 metro karratuko azalera erabilgarria–; 75 bi gelakoak –65 metro karratuko azalera erabilgarria–, eta bederatzi hiru gelakoak –85 metro karratuko azalera erabilgarria–. Horrez aparte, bi etxebizitza egokitu ere zozkatuko dituzte.
Esleitu beharreko 91 etxebizitza horietatik lau mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duten pertsonentzat izango dira, eta gainerakoak 87ak honela banatuko dituzte: 34 etxebizitza 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateei; hamar etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei; 23 etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean; eta hogei etxebizitza esleituko dira gainerako eskatzaileen artean.
Sustapenean ezin izango dute parte hartu zortzi kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek. Eskatzaileetako batek behintzat urtebeteko antzinatasuneko errolda izan behar du Zarautzen etenik gabe ado azken bost urteetan hiru urteko antzinatasuna;. mugikortasun murriztuko kupoan parte hartzen duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute zertan bete errolda baldintzarik.
Eskatzailearen 2024ko zergaldiko diru sarrera haztatuak ezingo diuten izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 46.463,29 euro baino handiagoak. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dituzte egiaztatu beharko gutxieneko diru sarrerak. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko.
Sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartzeko inprimakia hainbat modutara aurkeztu ahal izango dute herritarrek: etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez, Zuzenean zerbitzuan aurrez aurrez (Andia kalea 13, Donostia) edo dokumentazioa Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara (Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia) postaz bidalita.