Eskalatzaile gazteenen topagune bihurtuko da Zarautz asteburuan. Izan ere, bihar eta etzi egingo dituzte, hurrenez hurren, I. Eskalatzaile Gazteen Txapelketa eta III. Eskalatzaile Txikien Topaketa, gazteei eta haurrei zuzendutako bi hitzordu.
Bihar I. Eskalatzaile Gazteen Txapelketa egingo dute, eta 120 gaztetik gora bilduko dira jardunaldian. Antolatzaileen arabera, helburua da eskalada gustuko duten gazteei "lehiatzeko eta ikasten jarraitzeko aukera eskaintzea", beste kiroletan gertatzen den bezala, "giro osasuntsu eta motibatzaile batean". Etzi, berriz, III. Eskalatzaile Txikien Topaketa izango da. Haurren topaketak izaera "parte hartzailea" izango du, egun osoan zehar 40 bat haur ibiliko direlako eskalatzen. Ez da izango finalik ez podiumik, eta haur guztiak izango dira txapeldunak.
Antolatzaileen hitzetan, "ekimen horiek eskaladaren oinarria indartzea dute helburu, gazteen eta haurren garapena sustatuz eta kirol horren balio hezitzaileak azpimarratuz". Aldi berean, aurreratu dute martxoaren 14 eta 15ean nazioarteko elite mailako hitzordu garrantzitsua izango dela Zarautzen.