Zarauzko Udaleko Gazteria sailak Zarautzi buruzko Gradu Amaierako Lanak (GRAL) eta Master Amaierako Lanak (MAL) laguntzeko bekak eman ditu. Atzo egin zuten zazpi saridunak zeintzuk diren jakinarazteko ekitaldia pleno aretoan, eta gazte horiez gain, bertan izan ziren espazioa goraino bete zuten senide nahiz lagunak.
Udalak azaldutakoaren arabera, beken asmoa da unibertsitateko ikasketak egiten ari diren gazte zarauztarren artean ikasturte amaierako lanetan Zarautzi buruzko errealitateen azterketak sustatzea. Horrek ahalbidetzen du, Irune Urbieta Gazteria zinegotziaren hitzetan, "herriko iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzea", baita gazteengandik "asko" ikastea ere. Gehitu zuenez, bekek jarraipena izango dute, aurrerantzean ere Gradu eta Masterretako ikasle zarauztarrei horrelako aukerak ematen jarraitzeko asmoa baitu udalak.
Gai aniztasuna
Aipatu bezala, guztira zazpi beka eman ditu Gazteria sailak, eta bekadun bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu. Zehazki, hurrengoak dira laguntza jaso duten zarauztarrak: Libe Agirre, Andrea Sorarrain, Maria Ayestaran, Sarai Bastida, Aritz Lazkano, Intza Usandizaga eta Elliot Johan Cooke. Denek ala denek aurkeztu zituzten lanek gai eta diziplina anitzak ordezkatzen dituzte, besteak beste, historiari, osasunari, diseinuari edota hezkuntzari buruzkoak.
Agirrek, adibidez, gazte tutelatuen emantzipazio prozesua aztertu du bere lanean, zarauztarra den benetako kasu baten bizitza istorio bat osatuz. Bastidak, bere aldetik, Zarauzko merkatu plazaren marketin plana osatu du, haren gabeziak edota aukerak identifikatuta eta espazioa gehiago ezagutzera emateko helburuarekin. Usandizagak Urrats bat ikasketa zerbitzura, Lurmareren hazia sarean eraikiz lanagatik jaso du beka, eta Cookek, aldiz, San Pelaioko autobus intermodalaren gainean egindako proposamenagatik.
Sorarrainek, bestalde, Mugarri proiektua aurkeztu zuen, ingurumena zaindu eta hondartzen erregenerazio naturala sustatzen duena. Haren esanetan, Mallorkara egin zuen bidai batean jabetu zen norbanakoak zenbat hondar eramaten duen hondartzetatik, eta Produktu Diseinuari buruzko ikasketak egin dituenez, hori ekiditeko hainbat produktu sortu ditu Zarauzko hondartzarako. Lazkanok Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua burutu zuen iaz, eta Zarauzko erroten inguruan egin du bere GRALa: "Ostalaritzarekin lotzen dugu gure herria, baina bestelako industriak ere egon zirela ahaztu egiten zaigu". Maria Ayestaran erizainak, azkenik, Zarauzko osasun zentroan bakardade sentimendua pairatzen duten 65 urtetik gorako emakumeei zuzendutako osasun hezkuntza programa osatu du, haren hitzetan, "geroz eta nabarmenagoa baita gizartean errealitate hori, baita Zarautzen ere".