Kolorez eta festaz beteko da Zarautz bihartik aurrera, eta eguraldi txarra iragarrita badago ere, askotariko ekintzak izango dira asteburuan zehar inauteriak direla eta. Ohi bezala, musika, dantza eta mozorroak izango dira protagonistak datozen hiru egunotan, bai heldu eta bai haurrentzat.
Urtero bezala, Galtxagorrien jaitsierarekin abiatuko dituzte inauteriak herrian. Kalean egiten den ekitaldi jendetsua, ordea, Aritzbataldera lekualdatu dute aurten eguraldi txarraren iragarpenagatik. 19:00etan zabalduko dituzte frontoiko ateak, eta emanaldia ordu laurden geroago, 19:15ean, hasiko da. Larunbaterako dago aurreikusita geroz eta entzutetsuagoa den konpartsa, baina antolatzaileek oraindik ez dakite egun horretan egingo duten ala ez. Adierazi dutenez, azken unean hartuko dute erabakia.
Honakoa da inauterietako egitaraua:
Otsailak 13, ostirala
- 19:00. Galtxagorrien jaitsiera, Aritzbatalden.
Otsailak 14, larunbata
- 12:00. Txupinazoa, Modeloko balkoian, Koxme balearen eskutik, Mauxitxa txarangak girotuta.
- 12:30. Mozorro lehiaketan parte hartzen duten kuadrillen kalejira, Musika Plazatik, Mauxitxa txarangarekin. Aldez aurretik izena eman behar da Turismo Bulegoan.
- 13:00. Kuadrillen arteko mozorro lehiaketaren sari banaketa, Musika Plazan. Sariak Zurekin ostalarien elkartearen eskutik emango dituzte. Sariak ondorengoak izango dira: talde onenaren saria (50 euroko lau bonu), familientzako sari berezia (50 euroko hiru bonu), gazteentzako sari berezia (50 euroko bi bonu) eta bakarkako mozorro onenaren saria (50 euroko bonu bat).
- 17:00. Gazteen topaketa, Zinema pilotalekuan. Lehenengo askaria, eta, ondoren, konpartsa ikustera.
- 17:30. Inauterietako IX. Konpartsa: Queen, Alde Zaharrean (Erabaki gabe).
- 19:30. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.
- 21:00-00:00. Disko festa DJ Bon-ekin, Zinema pilotalekuan.
- 23:00. Dantzaldia FAN&GO taldearekin, Musika Plazan.
Otsailak 15, igandea
- 12:00. Kalejira, herriko kaleetan erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
- 17:00. KIKO, KOKO eta MOKO pailazoen ikuskizuna haurrentzat, Musika plazan (euria bada, Zinema pilotalekuan).
- 18:00. Disko festa nerabeentzat, Xaiborekin, Lege Zaharren enparantzan.