Inauteriak 2026

Galtxagorrien jaitsiera Aritzbataldeko pilotalekuan egingo dute

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 12a

Galtxagorrien jaitsierako artxiboko irudia.

Eguraldi txarra dago iragarrita ostiralerako, eta horregatik Aritzbatalde pilotalekura eramango dute Zarauzko inauteriei hasiera ematen dieten ekitaldia. 

Enegarren denboralea izango da bisitari bihartik aurrera, eta horrek inauterietako ekitaldi batzuk lekuz aldatzera behartu dituzte antolatzaileak. Galtxagorrien jaitsiera da horren adibide. Ohikoan kalean egiten den ekitaldi jendetsua, Aritzbatalde pilotalekura eramango dute eguraldi txarraren iragarpenek bultzatuta. 19:00etan zabalduko dituzte frontoiko ateak, eta emanaldia ordu laurden beranduago, 19:15ean hasiko da.

Lekuz aldatu bakarrik ez, formatua bera ere aldatu beharrean aurkitu dira. Izan ere, jaitsieran arituko ziren 300 zarauztar ingururi –200 haur eta beste 100 heldu–, Zarauzko musika eskolako ikasleak ere batuko zitzaizkien aurtengo aldian. Eguraldiak behartutako formatu aldaketarekin, ez dute jaialdian parte hartuko ez musika eskolako ikasleek, ezta Zarakatun batukadako kideek ere. 

Mantenduko dutena euskal mitologiari egindako keinua izango da. Ohi bezala, pertsonaia mitologikoz mozorrotuta egingo dute festa: galtxagorriak izango dira, baina baita gauargiak, lamiak, sorginak, akerbeltz eta jentilak, Mariren gidaritzapean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide