Elkarrizketak

Iban Illarramendi: "Eskuz egiteak bestelako konexio bat sorrarazten dit obrarekin"

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 6a

Toki erakusketak Iban Illarramendi (Zarautz, 1973) ilustratzailearen unibertsoa ezagutzeko aukera eskaintzen du; Sanz Enean dago ikusgai, martxoaren 22ra arte.

Toki izenburua jarri diozu erakusketari. Zer kokaleku aurkeztu nahi izan dituzu?
Erakusketa hau egiteko aukera eskaini zidatenean, erabaki nuen nire mundua aurkeztea. Ilustratzen dudanean, askotan, abiapuntua nire oroitzapenak izaten dira. Oroitzapen horiek leku batean eta momentu batean izaten dira. Orduan, izenburua jartzeko garaian, buelta batzuk ematen ari nintzaion buruari: euskarazko Toki baneukan, eta ikusi nuen japonieraz momentua esan nahi zuela. Perfektua zela konturatu nintzen, bi kontzeptuak uztartzen zituelako.

Horiek al dira zure inspirazio iturri nagusiak?
Nire inspirazio iturri bakarrak ez dira, behaketetatik ere etortzen baitzaizkit ideiak. Baina egia da asko oroitzapenetatik datozela, eta erakusketa honetan nire unibertsoa partekatu nahi nuela. Nire bizipenetako momentu asko daude ikusgai leku askotan, nolabait esateko.

Nola egituratu duzu erakusketa?
Hiru ataletan banatu dut: lehenengo aretoan, ilustrazio digitalak jarri ditut; erdiko bietan, berriz, nire bizitzan gertatu diren momentu horiei eskainitako ilustrazioak; eta laugarren aretoko lanei, azkenik, -toki atzizkia jarri diet, bizitokiei eta jolastokiei erreparatuz, eta hor nire obsesio bihurtu diren etxeak eta frontoiak jaso ditut. Etxeak, frontoiak, paisaiak, objektuak... Horiek guztiak irudimen handiarekin eginda daude, gainera. Bai, baina, azken finean, zure ingurura begiratzea baino ez da kontua. Eguneroko bizitzan gauza asko gertatzen dira geure inguruan; ez duzu kanpora bidaiatu behar horretaz jabetzeko. Txakur bat, pertsona bat, objektu bat, zuhaitz bat... Ni liburuxka bat gainean dudala joaten naiz beti, eta edozein momentutan gauzak ikusten ditut edo ideiak etortzen zaizkit burura, soilik begira jarrita. Hau oso interesgarria da, zeren gaur egun oso azkar bizi gara, beti korrika, eta marrazketak gelditzeko, ingurura begiratzeko eta gozatzeko aukera hori ematen dizu.

Geometria, esaterako, asko gustatzen zait, eta beti nago horri arreta jartzen. Izan ere, geometria toki guztietan dago: etxeetan, kotxeetan, zuhaitzetan, lurrean, moilan... Zergatik? Ez dakit. Zure liburuxkak gainbegiratzen hasten zarenean konturatzen zara zer marrazten duzun eta zer obsesio dituzun. Irudi jakin batzuk errepikatu egiten dira: zenbat etxe, zenbat olatu, zenbat zuhaitz, zenbat frontoi... Azkenean, barrutik ateratzen zaizuna edo interesatzen zaizuna marrazten duzu. Saiatzen naiz bestelako gauzak ere ilustratzen, baina konturatzen naiz geometriak agertzen jarraitzen duela, eta hortik ezin duzu ihes egin.

Ilustrazioak, gainera, ez du euskarritzat beti papera izan behar. Egur xafletan edo skate gainean ere aurkez daitezke, ezta?
Niri bi euskarriak gustatzen zaizkit, egurra eta papera. Egurrak badu halako goxotasun bat, eta gustuko dut haren gainean marraztea. Horrez gain, gaztetan skatean asko ibiltzen ginen, eta horren erreferentzia asko daude erakusketan. Gainera, 310 dendarekin kolaboratu dudanez, elkarlan horren emaitza ere ikusgai dago, eta marraztu ditudan hainbat skate taula ere paratu ditut. Bestalde, arkatz batekin paperean marraztea itzela da, dena egin baitezakezu. Askotan ikusten duzu jendeak teknika bereziren batekin eta margo pila batekin egin behar duela lan, eta niretzat nahikoa dira papera eta arkatza nahi duzun hori kontatzeko.

Lan baten abiapuntua hori izaten al da?
Beti horrela hasten naiz, bai. Gero nola bukatzen dudan, hori beste kontu bat izaten da; digitala bada, agian aldaketa batzuk eskatzen ditu ilustrazioak. Erakusketako ilustrazio gehienak, lehen aretokoak salbu, eskuz eginak daude eta koloretako margo bat edo bi izan ditzakete. Eskuz egiteak bestelako konexio bat sorrarazten dit obrarekin; adibidez, etxeak edo baserriak eta frontoiak egurrean mozteak, lisatzeak, marrazteak eta margotzeak konektatu egiten naute, eta terapia moduko zerbait da niretzat.

Irudikatzen dituzun etxeak edo baserriak oso bereizgarriak dira. Zure ikur bihurtu direla esan daiteke?
Ez dakit! Ni harritzen nauena da ilustratzaile gehiagok ez marraztea. Nik euskal baserriak marrazten ditut geometria askorekin jolasteko aukera ematen dutelako: egurrez eginiko zutabeak, teilatuak, Ipar Euskal Herriko etxeak... Esan bezala, obsesioak dira, eta, orain, frontoiekin nabil buru-belarri. Pilotaleku bat ikusten dudan aldiro marrazteko beharra izaten dut. Baserria nire ikurra den? Azoketan ibili naizenean asko ikusi dira, bai, eta frontoiekin duela urtebete hasi nintzen. Hurrengo nire jomuga zein izango den, auskalo! Gustatzen zaizkidan gauzak marraztea da gakoa.

Erakusketaren lagina den liburuxka lagungarri bat ere eskuragarri dago.
Katalogo bat prestatu dut, eta interesgarria litzateke erakusketara datorrenak ikustea eta irakurtzea. Testu poetiko bat dakar liburuxkak, Eider Perezek idatzia [aipatu idazlearekin elkarlanean Etxepare saria lortu zuen 2022an, Kiratsa album-ilustratuarekin], eta gutxi gorabehera deskribatzen du areto bakoitzean gertatzen dena. Aurrez irakurriz gero, hobeto ulertzen da ilustrazioekin islatu nahi dudana.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide