Tornuko haurren senitartekoak diren hiru emakume zarauztarrekin egon da Guka otsaileko Zarautz Guka aldizkarirako. Abandonatutako umeei deitzen zitzaien tornukoak, eta Gipuzkoan baziren haientzat sehaska etxeak, beste familia batzuetara bideratu bitarterako. Ume haietako askok kasualitatez jakin zuten utzitakoak izan zirela, eta euren familia biologikoen berririk izan gabe hil ziren. Haiei buruzko informazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan dago, baina abandonatutako ume haien senitartekoei ez die eman nahi, eginahal guztiak egiten ari diren arren. Borroka horren inguruan Arantxa Guarretxenak, Karmele Agirrezabalak eta Edurne Alberdik emandako azalpenak jasotzen ditu aldizkarian datorren erreportajeak.
Hil honetako Erretratua, berriz, Xabat Olaizolari egin diote. Eskubaloian eta herri kiroletan ibilitakoa da, eta azkenaldian, batez ere, herri kirol jaialdien antolakuntzan dabil. Egindako bideaz eta urratzen ari denaz hitz egin du.
Santa Barbaratik, Imanol Epelde aritu da gogoetan, itzulerak gai hartuta. Musika kaxa-n Amaia Urbieta sartu da, Motxian-Etxebeltz bertsoguneko kidea. Galder Gonzalez wikilariari egindako bideo elkarrizketa interesgarria ere badator. Eta ohiko iritzi emaileek ere ez dute hutsik egin.
Hori guztia eta gehiago eskura duzue, honako lotura honetan.
