Maider Beristain Txini-ri bateriaren erritmoek markatu diote bizitza. Duela hamar urte hartu zituen baketak estreinako aldiz, eta harrezkero, hainbat agertokitara igo da. Orain, Katiuska musika taldearekin berriro bueltatzeko irrikaz dago. Estilo askotako musika gustatzen zaio, baita perkusioa ere. Irribarrea une oro aurpegian duela, umore ona musikarekiko duen pasioarekin uztartzen du.
Gogoratzen al zara noiz hartu zenituen lehenengo aldiz baketak?
Baketak lehen aldiz duela hamabi edo hamahiru urte hartu nituen.
Zein musikariri jarriko zenioke erritmoa?
Boteprontoan esanda, Down Town Boys taldeari jarriko nioke erritmoa. Kaliforniako (AEB) taldea da eta izugarri gustatzen zait.
Posible al da katiuskekin bateria jotzea?
Bai, noski! Katiuskekin dena da posible. Nire musika taldearen izena da Katiuska eta martxoan eszenatokietara itzuliko gara, berriro zuzenekoetara. Iaz Hiruputzu gaztetxean aritu ginen EHGAMek antolatutako ekitaldian, eta lau abestiko kontzertu motz bat eskaini genuen.
Zein da jendeak esperoko ez lukeen baina ezkutuan kantatzen duzun abesti bat?
Trikiti pieza asko. Txikitatik asko entzun dut trikitia, eta soinua nire bizitzako musika tresnetako bat da. Adibidez, Tapia eta Leturiaren abestiak gustuko ditut.
Bateriaz aparte, zein perkusio mota egiten zaizu deigarri?
Esate batera, kongak, nahiz eta inoiz ez ditudan probatu.
Bateria jotzen duen bati danborrada edota batukadak gustatzen al zaizkio?
Donostiako danborradan ateratakoa naiz; 10 urte nituela atera nintzen lehen aldiz. Batukadan ere jo izan dut, baina gero bateriara egin nuen salto. Egia esan, bateriarekin geratzen naiz, zalantzarik gabe.