Doinuele euskara hutsezko plazen sareak aurtengo egitarauaren berri eman du gaur goizean, Iruñeko Laba sarean. Bertan egin dute bat sareko kide diren bederatzi egitasmoetako ordezkariek, eta Euskal kulturak badaki, euskaldun orok baleki aldarri eginez, azoka bakoitzaren daten berri eman dute eta programazioaren xehetasunak azaldu dituzte.
Egitaraua abian da atzotik, Baztango (Nafarroa) (H)ilbeltza euskal nobelaren astearekin, eta azoken martxak ez du etenik izango urte osoan zehar. Urola Kostako bi hitzorduak noiz izango diren ere iragarri dute; ohi bezala, udaberrian izango dira: Azkoitiko Geure Gelatik, martxoaren 26tik 28ra, eta Zarauzko Literaturia, maiatzaren 29tik 31ra.
"Azokak jantzi egiten gaitu; jantzi, gorputza eta burua, barru eta kanpo jantzi behar direlako, eta arropa ez delako nahikoa janzteko: liburuek ere janzten gaituzte", nabarmendu dute Doinueleko kideek agerraldian. Bide batez, gainera, herritarrek daukaten ardurari ere egin diote keinu, eta "zer irakurri, zer ez, eta nola irakurri" zer jantzi erabakitzea bezain garrantzitsua dela adierazi dute. Era berean, herritarrei euskal kultura eta plazak babesteko deia egin diete.
.