Ezohiko osoko bilkura egingo dute bihar arratsaldean, 19:00etan hasita. Gai bakarra izango dute hizpide, hain zuzen ere, udalaren lurzoru ondarea osatzen duten Amillubi eremuko lehehengo eta hirugarren partzelak prozedura irekiaren bidez besterentzeko lehiaketaren esleipen erabakia kautelaz eteteko eskariaren ebazpena. Amenabarrek egin du eskaera hori, esleipenera aurkeztu ziren bi enpresetako batek.
Hain zuzen ere, azaroaren 27ko plenoan gelditu ziren esleituta eremu horiek besterendu eta bertan autobus geltoki berria, lurpeko aparkaleku publikoa eta etxebizitza pribatuak nahiz babestuak –20 etxebizitza tasatu eta 45 libre– egitea barnebiltzen duen proiektuaren lanak. Zehazki, bi proposamen aurkeztu ostean, obrak Viuda de Sainz S.L., Urbelan S.A.U. eta Promociones Leku Eder S.A. enpresen arteko ABEEari esleitzea erabaki zuen Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak.