Amillubi eremuko etxebitzen, autobus geltokiaren eta aparkalekuen lanak, esleituta

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 28a

Azaroko osoko bilkura, atzo. (Mireia Galarza Bastida)

Zehazki, bi proposamen aurkeztu ostean, obrak Viuda de Sainz S.L., Urbelan S.A.U. eta Promociones Leku Eder S.A. enpresen arteko ABEEari esleitzea erabaki du Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak. Lizitazioaren prezioa, guztira, 14.734.056,21 eurokoa izango da, BEZ barne. Zarauzko Udalaren jabetzako lokalen, eraikinen eta bide publikoko elementuen garbiketa zerbitzua ere izan zuten hizpide atzoko plenoan, zerbitzu horren kontratazioari hasiera emateko.

Ekaineko osoko bilkuran onartu zuten udalaren titulartasunekoak diren Amillubi eremuko higiezin multzoko 1 eta 3 partzelak lehiaketa bidez besteretzeko prozedura lehiaketa publikora ateratzea, EAJren eta PSE-EEren aldeko eta EH Bilduren kontrako botoekin. Proiektuak autobus geltoki berria, lurpeko aparkaleku publikoa eta etxebizitza pribatuak nahiz babestuak  –20 etxebizitza tasatu eta 45 libre– egitea barnebiltzen du.

Bada, azaroko plenoan obra horiek nork egingo dituen eman dute aditzera. Zehazki, bi proposamen aurkeztu ostean, obrak Viuda de Sainz S.L., Urbelan S.A.U. eta Promociones Leku Eder S.A. enpresen arteko ABEEari esleitzea erabaki du Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak. Lizitazioaren prezioa, guztira, 14.734.056,21 eurokoa izango da, BEZ barne. Datorren udan brigadaren eraikinaren eraiste lanak hastea aurreikusten dute, eta 2027an hasiko dira gainerako obrak. "Dena ondo bidean", 2029an azpiegitura publikoen obrak amaituta izatea aurreikusten du Zarauzko Udalak. 

Garbiñe Oiarbide Hirigintza zinegotziaren arabera, iazko udan Irita eta Amillubi eremuei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari hobespena eman zitzaionetik, udalak "etengabe" jarraitu du lanean". "Pauso hau garrantzitsutzat jotzen dugu, Zarautzek autobus geltoki, aparkaleku eta etxebizitza berriak izateaz gain, gainontzeko 6.772.100,64 (+ BEZa) euroak Zarauzko herriarentzat etorkizunean baliagarriak izango diren lur erosketa eta inbertsioak egiteko bideratuko baitu udalak", gehitu du. Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramaileak ere erabakiaren "garrantzia" berretsi zuen, eta nabarmendu zuen 3 ondorio garbi atera daitezkeela bertatik: "Zarauzko Udalak sarrera historikoa jasoko du salmenta honetatik, etxe gehiago ere egongo dira, eta gainera, udalari kosturik suposatuko ez dioten ekipamenduak irabaziko ditu herriak". 

Tentsio uneak

"Garbi utzi nahi dugu gaurkoa ez dela prozedura administratibo hutsa, gaurkoan lur publikoa behin-betiko enpresa pribatu baten esku uzteko pausoa da, eta horregatik gure bozka ezezkoa izango da", azaldu zuen Garazi Olaizola EH Bilduko zinegotziak hitza hartu berritan. 

Lur publikoa etxebizitza pribatuak egiteko erabakia "ulergaitzat" jo zuen Olaizolak, etxebizitzen gehiengoa salmenta librera bideratuko delako. Bestalde, Olaizolak azpimarratu zuen ez daudela autobus geltokiaren eta aparkalekuaren kontra, baina hainbat galdera plazaratu zituen: "Autobus geltoki bat egiteko lur publikoak saldu behar ditugu? Eta errotazioko zenbat aparkaleku behar ditugu horrek lur publikoak saldu eta eremu horretan etxebizitza pribatuak egitea suposatzen badu?".

Galdera horiei erantzun garbia eman zieten udal gobernuko kideek, hala nola Xabier Txurruka alkateak, Oiarbidek eta Illarramendik. "1 eta 3 besteratuko ditugu, baina idazkariak berak esan du 2ak eta 4ak udalarenak izaten jarraituko dutela. Nik esanda agian ez zenuten sinestuko, baina garbi esan nahi dut ez dugula lurra salduko autobus geltokia egiteko, udal partzela izaten jarraituko baitu!", azaldu zuen gogor Txurrukak. Oiarbidek ere bide beretik jarraitu zuen, eta zera gaineratu zuen: "Garraio publikoaren aldeko apustu sendo eta argia da hau, bai herrian eta eskualdean garrantzizkoa. Loturak eta zerbitzuak ahalbidetzeko aukera ekarriko du horrek. Gainera, badakit ez zaizuela gustatzen esatea, baina 2016tik udal gobernu honek eraiki dituen etxebizitza kopuruak pareko gutxi izango ditu".  Illarramendik, bere aldetik, "ideologia eta kudeaketaren arteko nahasmena" leporatu zien EH Bilduko kideei: "Etxebizitza publikoak bakarrik eraikitzea oso ideia polita da, baina errealitatera jaitsi behar dugu. Zuek 6.000.000 euro horiekin egin daitezkeen gauza guztien kontra zaudete". 

Garbiketa ereduan, desadostasuna

Zarauzko Udalaren jabetzako lokalen, eraikinen eta bide publikoko elementuen garbiketa zerbitzua ere izan zuten hizpide atzoko plenoan, zerbitzu horren kontratazioari hasiera emateko. Denera, 2.600.000 euro ingurukoa izango da lizitaziorako aurreikusitako diru kopurua, eta 45 langile subrogatuko dituzte egungo zerbitzutik. EAJren eta PSE-EEren aldeko 12 boto eskuratu zituen, eta EH Bilduren abstentzioa. 

Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziaren hitzetan, kontratua bi urtekoa izango da, eta egun, udalak kontratatuta dituen zerbitzu guztien artean "handiena" da, bai aurrekontuagatik eta bai lanpostu kopuruagatik. 

Illarramendi, kirol zinegotziaren arduratik, kiroldegiaz mintzatu zen: "Garbitasuna eredu eraginkor bezela aztertu da, eta horrek ahalbidetuko duena da kiroldegian gune garbi, seguru eta osasungarriak izaten jarraitzea, eta beharrezkoak ez diren kostuak ezabatzea". 

EH Bilduko Ainara Landak, bere aldetik, "zerbitzu publikoen publifikazioa" defendatu zuen, baita horretarako eskaera egin ere. Horren bitartez, "baldintzen hobekuntza eta gardentasun gehiago" lortuko litzatekeela gaineratu zuen. "Ez gaude lizitazioaren kontra, eta badakigu publifikatzea ez dela hain erraza, baina ezin dugu aldeko botoa eman beste era batera kudeatu beharko litzatekeelako", gehitu zuen. 

San Martinen esanetan, beraiek beti izan dute konpromiso irmoa sektore honetako langileen lan baldintzak hobetzeko, eta "beti" bete izan ditu sinatutako hitzarmenak. "Oraingo plegoetan ere horrelaxe egin dugu, eta langileen berrantolaketa egin bada ere, orduak mantendu zaizkie soldata txikitu gabe. Azterketa sakona egin da beharretara egokitzeko", nabarmendu zuen San Martinek.  

Euskararen aldeko adierazpena

Beste gaietako bat izan zen Euskararen Nazioarteko Egunaren harira aurkeztutako adierazpenarena. Hain justu, Txurruka arduratu zen hori irakurtzeaz. Bere esanetan, ibilbide "luzea" egin du euskaraz, eta oraindik ere "bizirik dirau". Belaunaldiz belaunaldi egindako ibilbidean hizkuntza zaharra gazte bihurtu duten euskaldunak nabarmendu zituen, "debekuen" aurrean. Etorkizunari ere erreparatu zion Zarauzko alkateak, eta beraz, hizkuntzak dituen erronkei ere bai.

"Hiztun komunitatea ez berez mantentzen, eta zaindu egin behar da. Arlo guztietan euskaraz lasai hitz egiteko guneak sortzeko unea da. Ezagutza zabaltzeko unea. Biziberritze prozesuari segurtasuna emateko unea. Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu, baina prest gaude, elkarrekin egiteko", nabarmendu zuen Txurrukak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide