Schola Cantorum abesbatzaren zuzendaria da Ibon Linazisoro. Horrez gain, herriko Errege Magoen desfilean ere parte hartzen du. Abestea eta jendearekin poztasuna partekatzea da beretzat oparirik handiena.
Koruan aritzen zarenez, badaukazu eztarria berotzeko sekreturik?
Eztarria berotzeko ariketa zehatzak egiten ditugu koruan, teknika jakin batzuk erabilita. Gero, bakoitzak bere sekretu profesionalak ere baditu, izan daiteke whiski txupitoren bat edo beste hartzea ere.
Aldarean jendearen aurrean kantatzen ala koruan ezkutuan, non sentitzen zara erosoago?
Niretzat politagoa da jendearen aurrean abestea. Koruan abesten dugunean, organoak laguntzen digu, eta horrek beste dimentsio batera eramaten zaitu. Jendearen aurrean abestean, ederra izaten da ikusleak ikustea: nor dagoen adi, nori heltzen zaion zure ahotsa. Batzuk meditazioan ikusten dituzu, beste batzuk oso alai, eta beste batzuk malkoz beteta ere bai. Guretzat oso sentsazio polita da.
Gehien maite duzun pertsonari zein abesti kantatuko zenioke?
Momentu hauek gogorrak dira niretzat, duela sei hilabete nire ama hil zelako. Berak ere abestu egiten zuen; bergararrak gara, eta Bergarako Orfeoian aritzen zen. Bakarka ere asko abesten zuen. Bada berari asko gustatzen zitzaion abesti bat, eta bat aukeratu beharko banu, Mozarten Requiem pieza izango litzateke. Oso polita da. Ez da erraza aukeratzea, baina nire amari hori eskainiko nioke.
Zein Errege Magori eskatzen dizkiozu opariak?
Dudarik gabe, Gasparri. Herriko desfilean Gaspar antzezten dut, eta oso hunkigarria izaten da. Pozgarria da ikustea jendeak nola begiratzen dizun, eta gozokiak botatzean zein alai jartzen diren.
Kantu eskean ateratzen den jendeak desafinatzen duenean, zer sentitzen duzu?
Batzuek egurrezko belarriak izaten dituzte, baina politena kalera ateratzea eta komunitate giro hori sortzea da. Abestea eskuzabaltasunaren ikur den ekintza iruditzen zait: abesten dugunean, norberaren sentimenduak azaleratzen dira, eta hori garrantzitsua da. Abesteak bere abantailak ditu; esate baterako, oxitozinaren, endorfinen zorion hormonen jarioa handitzen du, estresa jaisten du, eta jendearekin harremanak egiten laguntzen du. Aberastasun pertsonala ematen dizu.
Gabonetako zein abesti berreskuratu nahi zenuke?
Abesti pila daude. Euskarazko abesti asko galtzen ari dira, eta koruaren aldetik berreskuratzen saiatzen ari gara. Abesti polit asko daude, eta zehazki bat aukeratzea zaila da.