Alaia Roteta garaile Donostiako esku pilota txapelketan

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 8a

Alaia Roteta irabazlea, eta kimuen parte hartze kategoriako sarituak. (Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa)

Kimuen parte hartze kategorian nagusitu zen Emakumeen Eskuz Banakako III. Gabonetako Txapelketa Azkarrean. June Artola bergararra hartu zuen mendean finaleko partidan.

Benjamin, kimu eta infantil mailako Emakumeen Eskuz Banakako III. Gabonetako Txapelketa Azkarra jokatu zuten urte hasieran Donostian. Maila bikaina eta giro ederra izan zen nagusi, hilaren 2tik 5era, Atano III.a pilotalekuan jokatu zituzten partidetan, eta bertan parte hartu zuten Zarauzko ordezkariek emaitza onak lortu zituzten. Izan ere, kimuen parte hartze kategorian, Alaia Roteta izan zen txapeldun.

Maila berean, June Artola bergararra izan zen bigarren, eta hirugarren postua, berriz, Irati Arruti Lertxundi zizurkildarrarentzat eta Nahia Astigarraga azkoitiarrarentzat izan zen. Rotetak 12-7ko emaitzarekin irabazi zion finaleko norgehiagokan Artolari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide