Faxismoaren eta autoritarismoaren aurka Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia zabalduko du GKSk

Andoni Elduaien - Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 2a

GKSren manifestazio bateko irudia. (GKS)

Mobilizazioaren inguruko aurkezpen hitzaldia antolatu du Urola Kostako GKSk bihar arratsalderako, Hiruputzu gaztetxean. Ondoren, Urrunetik gatoz ikuskizuna eskainiko dute Ekida eta Berun taldeek.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 31n, gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko asmoz. Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak, eta Urola Kostako GKSk Bilbora joateko deia zabaltzeko asmoz, aurkezpena egingo du bihar Zarautzen. Frontoi Txikin jarria zuten hitzordua, 18:00etan, baina eguraldi txarra iragarrita dagoenez, Hiruputzu gaztetxera lekualdatzea erabaki dute.

Lanketa horren barruan, Euskal Herriko hamaika herritan egiten ari da GKS urtarrilaren 31ko manifestazioak aurkezteko saioak. "Ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre" egiteko deia zabaltzen ari dira horietan: "Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako, garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea".

Bihark aurkezpen hitzaldiaren ondoren, gainera, Ekida eta Berun taldeek Urrunetik gatoz ikuskizuna eskainiko dute. "Kantagintza eta arte antifaxista oinarri hartuta, Francoren heriotzaren urteurrenean, atzoko eta gaurko borrokak eta atzoko eta gaurko kantak dakartza, faxismoaren aurka egiteko, atzo bezala gaur", definitu dute bi taldeek emanaldiaren nondik norakoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide