Mikel Lopetegi 'Urra' eta Ainitze Zumeta txapeldun, Kirol Herri txapelketaren finalean

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 1a

Asteasun jokatu zuten atzo arratsaldean finala, eta Urola Kostako kirolari ugari aritu zen han lehian. Harri jasotzen Mikel Lopetegi Urra eta Ainitze Zumeta zarauztarrek irabazi zuten txapelketa. Maddi Gesalaga nahiz Lierni Osa harri jasotzaile zarauztarrak hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, harri jasotzen.

Aizkora eta harri jasotzea uztartzen dituen Kirol Herri txapelketaren finala jokatu zuten atzo, abenduak 31, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan (Gipuzkoa). Urte amaieran Asteasun egin ohi duten herri kirol jaialdiaren barruan jokatu zituzten lehiak, eta han Zarauzko ordezkari ugari izan ziren: Mikel Lopetegi Urra, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa harri jasotzaileak

Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Telleria eta Gari Garmendia izan zituen aurkari Urrak. Lau kirolariek 125 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko bola altxatu behar izan zituzten, harri bakoitzarekin bi minutuko txandak eginez. Urra nagusi izan zen zilindroarekin eta kuboarekin, eta aurkarien pare aritu zen bolarekin. Hori hala, Zarauzko harri jasotzaileak 6.875 kilo altxatu zituen atzo. Telleria sailkatu zen bigarren (6.500 kilo), Zelai V.a hirugarren (5.875 kilo) eta Garmendia laugarren (5.625 kilo). Hona hemen haiek egindako lana: 

125 kiloko zilindroa:

  • Mikel Lopetegi Urra: 23 altxaldi. 
  • Beñat Telleria: 21 altxaldi. 
  • Jon Gisasola Zelai V.a: 19 altxaldi. 
  • Gari Garmendia: 17 altxaldi. 

125 kiloko kuboa:

  • Mikel Lopetegi Urra: 16 altxaldi. 
  • Beñat Telleria: 15 altxaldi. 
  • Jon Gisasola Zelai V.a: 12 altxaldi. 
  • Gari Garmendia: 13 altxaldi. 

125 kiloko bola:

  • Mikel Lopetegi Urra: 16 altxaldi. 
  • Beñat Telleria: 16 altxaldi. 
  • Jon Gisasola Zelai V.a: 16 altxaldi. 
  • Gari Garmendia: 15 altxaldi. 

Emakume harri jasotzaileetan, berriz, Zumetak jantzi zuen txapela. Zumetarekin, Osarekin eta Gesalagarekin batera, Patricia Martin aritu zen lehian, eta laurek 75 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola altxatu behar izan zituzten. Zumetak pilatu zituen atzo kilo gehien (4.537,5 kilo), eta hala, hura izendatu zuten Kirol Herri txapelketako irabazle. Martin sailkatu zen bigarren (4.450 kilo), Gesalaga hirugarren (3.975 kilo) eta Lierni Osa laugarren (3.787,5 kilo). Zilindroarekin ateratako aldeari esker lortu zuen Zumetak txapelketa irabaztea. Hona hemen haiek egindako lana: 

75 kiloko zilindroa:

  • Ainitze Zumeta: 23 altxaldi.
  • Patricia Martin: 21 altxaldi.
  • Maddi Gesalaga: 23 altxaldi.
  • Lierni Osa: 18 altxaldi.

62,5 kiloko kuboa:

  • Ainitze Zumeta: 20 altxaldi.
  • Patricia Martin: 20 altxaldi.
  • Maddi Gesalaga: 17 altxaldi.
  • Lierni Osa: 16 altxaldi.

62,5 kiloko bola:

  • Ainitze Zumeta: 25 altxaldi.
  • Patricia Martin: 26 altxaldi.
  • Maddi Gesalaga: 19 altxaldi.
  • Lierni Osa: 23 altxaldi.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide