Horrela esan zion behin Imanol Urbietak Bixente Martinezi: «Ez pentsa umeentzako musika egiten baduzue bigarren mailako musika izan behar duenik; lehen mailan egin behar duzue, helduentzat egingo bazenute bezala». Martinezek esaldi horixe bera izan zuen buruan Oskorrirekin egindako lan guztietan, baita ondu duen proiektu berrian ere: Erraldoiak. Ene Kantak egitasmoko Oihane Iartza eta Urko Oskozerekin (Gora Musika) eta Korrontzi erromeria taldearekin batera osatu du.
Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek kezka nagusi bat zuen proiektua proposatu ziotenean: «Nola egin umeentzako kantak, ni ez banaiz aita?». «Polita» eta «berezia» izan dela esan du, baina, aldi berean, baita erantzukizun handiko lana ere: «Ni Korrontzirekin ohituta nago musika egitera, baina beste publiko batentzat. Erronka zen umeentzako doinuak egitea». Duela urtebete ezagutu zuten elkar Barandiaranek eta Gora Musika taldeko kideek, eta hortik atera zen ideia, lehendik zeuden kantu batzuk moldatzekoa. Enkargua jaso, eta kezka hori buruan bueltaka zuela jo zuen Martinezengana: «Berak badu eskarmentua umeentzako kantak egiten, eta horregatik jo nuen harengana, laguntza eske».
Urbietaren bideari jarraituta, Martinezek argi du haurrentzako musikak «lehen mailan» egin behar duela: «Ez dugu pentsatu behar umeak tuntunak direnik; beraz, ezin dugu ontzat jo bigarren mailako musika egin behar denik. Ondo egin behar da». Gaineratu du umeak «filtrorik gabeko» publiko bat direla, eta gauzak argi eta garbi esango dituztela une oro: «Ez bazaie gustatzen, esan egingo dute; ez dute disimulatzen».