Beste bi erraldoi gehitu behar zaizkio gaurtik aurrera Zarauzko erraldoien familiari. Gaur aurkeztu dituzte Lege Zaharren enparantzan Zarautzera ekarri berri dituzten bi erraldoiak. Ekitaldiaren hasieran Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, erraldoien elkarteak eskatuta ekarri dituzte aipatu bi erraldoiak. "Ez dira handiak bezain handiak, ez txikiak bezain txikiak", gaineratu du alkateak. Izan ere, tamaina ertainekoak dira Iruñeko (Nafarroa) Gigantes Platero etxeko Ruben Platerok egindako erraldoiak. Egilea bera Zarauzko ekitaldian izan da gaurkoan, eta eskerrak ere jaso ditu alkatearen eskutik.
Izan da gaurkoan sorpresa galanta jaso duen pertsona bat. Laxaro Erregerena nafarraren kasua da. Ekitaldira etortzera gonbidatu dute, eta nekez jakingo zuen bera izango zela eguneko protagonistetako bat. Jende artean zen Iturengo (Nafarroa) gizon hau, Txurruka, mikrofonoa eskutan zuela, hurreratu eta agertoki moduko koskara igotzeko eskatu dionean. Platero erraldoien egilearekin, Xabier Esnaola adar jotzailearekin eta erraldoien elkarteko kideekin partekatu du agertokia.
Urteak daramatza Erregerenak Zarautzera etortzen. "15 urte nituela etorri nintzen lehendabizikoz, eta orain 72 urte ditut", azaldu die bertaratutako lagunei. Izan ere, joalduna da Laxaro Erregerena, eta joareak gerrian dituela ia urtero izan da Zarautzen, joaldunen kalejiran parte hartzen. "Urte gutxi batzuetan izan ezik, urtero etorri naiz Zarautzera taldeko kide bezala".
Behin koskara igota, lehenbizi, datorren urteko egutegiaren ale bat eman dio Txurrukak. "Begiratu iraileko orria", gomendatu dio. Hilabete horri dagokion orria joaldunek aurten Malekoian egindako kalejirako argazki batekin jantzi dute, eta han ageri da Erregerena.
Bigarren sorpresa are eta hunkigarriagoa izan da nafarrarentzako. Erraldoiei estalkia kentzeko unea heltzeko unea helduta, lehenbizi sorgin baten erraldoia erakutsi dute; jarraian, gizonezkoaren txanda heldu da: Erregerenak bere aurpegia daraman erraldoia ezagutu du. "Hau ikaragarria da! Jesus...", esan du joaldun nafarrak erraldoia ikusi duenean. Haren egile Ruben Platerorekin besarkatu da jarraian.
Izan da, nola ez, erraldoiak dantzan ikusteko aukera. Kale Nagusian barrena kalejiran joan dira, jira eta buelta, Musika plazara heldu arte.