Miren De la Hoz: "Nik ez nekien ikurrina zertarako erabiliko zuen anaiak"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025eko abenduaren 12a

Gaur zortzi bete ziren 49 urte Iribarrek eta Kortabarriak euskal derbian ikurrina zelairatu zutenetik. Historia bihurtutako ikurrinaren egilea da Miren De la Hoz (Getaria, 1953). 

1976an Realak eta Athleticek jokatutako partida historia bihurtu zen, ez bakarrik gipuzkoarrek 5-0 irabazi zutelako edota Jose Agustin Aranzabal Gaztelu futbolariari omenaldia egin ziotelako, jokalariek euskal identitatearen eskubideak aldarrikatzeko keinu izugarria egin zutelako baizik. Ikurrina zelairatu zuten bi taldeetako kapitainek, Kortabarriak eta Iribarrek, eta hori sortzeaz arduratu zen Miren de la Hoz getariarra. 

Zuk egindako ikurrina historia bilakatu da, baina zein da horren atzean dagoen istorioa?

Nire anaiak [Jose Antonio De la Hoz Uranga] esan zidan ikurrina bat josteko. Artean ez nekien nolakoa zen zehatz-mehatz, nekiena zen zer kolore zituen, baina ez nola kokatu behar nuen bakoitza. Izeba batekin hitz egin nuen, eta berak esan zidan nola egin. Getariako etxeko ganbaran josi nuen han neukan josteko makinarekin, eta bukatutakoan nire anaiari eman nion. Egia esateko, momentuan nik ez nekien ikurrina zertarako erabiliko zuen anaiak. 

Ezjakintasunean jarraitu zenuen partidaren eguna iritsi zen arte. 

Bai. Lagunak elkartu ginen partida taberna batean telebista bidez ikusteko, eta ikusi nuenean norgehiagoka hasieran nola atera zuten, hasieran ez nuen erreakzionatu. Gero, ordea, ozen atera zitzaidan: "Aiba, nik egindako ikurrina da hori!". Inguruan zeudenek barre egin zuten eta ez zidaten sinistu, baina bai, bai, nik jositakoa zen. Sorpresa handia izan zen, ez zitzaidan-eta burutik igaro ere egin anaiaren eskaera horrelako zerbaitetarako izan zitekeenik, are gutxiago jakinda nire anaiak ez zuela partida hori jokatu behar. 

Orduan ezingo zen edozein lekutan eskuratu ikurrina, ezta?

Debekatuta zegoen, eta ez zegoen ikurrinik. Beraz, Zarautzera joan nintzen, garaiko Maza dendan erosi nituen oihalak, eta behin etxean, lanean hasi nintzen. Astebeteko denbora-edo eman zidan anaiak, baina azkar egin nuen, egun batean edo. Jostea bera ez zen lan zaila, kontua zen jakitea ea oihal bakoitza non jarri.   

Josi bai, baina gero hori zelaira eraman behar... 

Bai, niri anaiak kontatu zidanez, gurpilean sartuta eraman zuen, bazekielako polizia kontrolen bat topatuz gero gelditu egingo zutela. Horrelaxe gertatu zen, baina ez zioten ikurrina topatu eta zelairaino eramatea lortu zuen. Behin han zela, anaiak lortu zuen partida jokatu behar zuten beste taldekideekin elkartzea, eta horietako batzuekin batera, Athleticeko kapitainari, Jose Angel Iribarri, proposatu zion ideia. Haien baiezkoa jaso zutelako irten ziren zelaira hirurak. Iribar eta Kortabarria ondo ikusten dira argazkietan, baina nire anaia ere hor dago, erdian, ikurrinaren atzean, galtza bakeroekin. Ia-ia momentuan prestatutako zerbait izan zela esan daiteke, horrelako gauzek aurrez jakinda izorratzeko arriskua baitute. Zoragarri irten zen.

Ikusleen harrera ere izugarria izan zen, ezta?

Denok geunden irrikitan ikurrina legalizatu eta leku publiko batean ikusteko, eta oso garrantzitsua izan zen keinu hura. Borrokaren barruan kokatzen genuen, jakin gabe horrek gerora eduki zezakeen oihartzuna. Izan ere, Franco ordurako hilda zegoen, baina errepresioak errealitate bat izaten jarraitzen zuen. Eskerrak ez ziren grisak sartu, horrelako lekuetan beti egoten baitziren aldarrikapen kontuak zaintzeko. Dena dela, sartu izan balira ere, nik uste dut Atotxa guztia beraien kontra agertuko litzatekeela. Ikurrina legalizatu zenean, orduan konturatu ginen puntu horretara iristeko prozesua non hasi zen, zer egin zen, baita hainbat eta hainbat gauza zergatik lortu ziren ere. 

Ia mende erdi eta gero, nola gogoratzen duzu egun hura? 

Lehen esan bezala, borroka baten parte izan zen keinu hura, eta aukera ikusi zutenean egin zuten. Hala eta guztiz ere, egia esateko, partida horren hasieraz pentsatu izan dudanean, poza hartzen dut, ni ere haren zati izan nintzelako nolabait. Gainera, urte askotan nire izena ez da aipatu; beti Kortabarria, nire anaia eta Iribar aipatzen zituzten. Elkarrizketa batean, ordea, kazetari batek nire anaiari galdetu zion ea nork egindakoa zen ikurrina, eta orduan igaro naiz ni ere istorio horren parte izatera.  

Egun, ez daukazu zuk ikurrina. 

Ez, ez. Realekoek eskatu egin zidaten, eta eman egin nien. Haien museoan dago kokatuta. Harrezkeroztik gehiagotan ere ikusi dut, baina tira, egin nuen eta listo. Berriz ere egingo nuke, e! 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide