Elektrotxorongo elektrotxarangan aritu zen abeslari Ane Sarasua (Zarautz, 2003), baita Egan taldean ere, eta Bide Batez erromeria taldearekin ere pare bat emanaldi egin zituen. Halaber, kontzertu akustikoak eskaintzen zituen lagun batekin sasoi batean. Dantzerti goi eskolan ikasi du, eta orain Marga Altolagirreren eskolan dabil irakasle. Gainera, ikus-entzunezkoak igotzen ditu bere Instagram kanalera, abesten.
Gogoratzen al duzu noiz esan zenuen etxean "ama, artista izan nahi dut"?
Ez dut oroitzen momentu jakin bat egon zenik, baina betidanik izan dut artista izateko harra barruan. Txikitako milaka bideo ditut ipuinak kontatzen eta jostailuzko mikrofono batekin kantatzen agertzen naizenak. Gero, nire aita [Antxon Sarasua piano jotzailea] alboan izan dut beti, eta eredu izan da niretzat. Beraz, jaiotzetik banekien nire bizitza norabide horretan joango zela.
Antzeztu, dantzatu, abestu, hainbat musika tresna jo… Broadway zain duzula dirudi!
Oxala! Txikitatik abestu izan dut, dantzan aritu izan naiz hainbat urtez, eta orain, antzezten hasi naiz; lau urte eman ditut Dantzerti goi mailako eskolan, hain zuzen ere. Era berean, gitarra eta pianoa kontrolatzen ditut gutxi gorabehera. Etorkizunean musikal baterako aukera sortzen baldin bazait, aurrera!
Zure ametsek zein soinu banda dute?
Ez nuke jakingo esaten, baina badakit oso mugitua eta alaia izan beharko lukeela. Zoriontasuna transmititzen duena, eta abestu, dantzatu eta antzeztu ahal dudana.
Etxean nork ematen du matraka gehien musikarekin, zuk ala aitak?
Agian, aitak gehiago, pianoa dugulako etxean eta beti aritzen delako jotzen. Eta pianoa ez bada, gitarra. Ni ere kantatzen aritzen naiz nire gelan mikrofonoa hartuta. Gero, anaiak ere jotzen du pianoa. Beraz, deneterik izaten dugu etxean, baina, gehienbat, aita izaten da musikari ematen diona.
Lagunekin karaoke batera joango bazina, zer abestuko zenuke?
Segur aski, ABBAren abesti bat aukeratuko nuke; adibidez, Mamma mia! bezalako kantaren bat.
Eta zein artista edo musika talderekin partekatuko zenuke agertokia?
Ez dakit posible izango litzatekeen, agian asko amestea da, baina azkenaldian Olivia Dean bakarlaria asko entzuten ari naiz. Abeslaria eta kantautorea da bera, eta pila bat gustatuko litzaidake berekin oholtza partekatzea.