Zarauzko EAJ: "Zarauzko etorkizunari 'bai' esan diogu"

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 29a

Amillubi eremuko 1 eta 3 partzelen etorkizuneko itxura. (Zarauzko Udala)

Zarauzko EAJren taldeak azaldu duenez, osteguneko osoko bilkuran Amillubi eremuko obrak esleitzeak hiru zutabe "indartzen" ditu: mugikortasun jasangarri eta azpiegiturena, ibertsioak finantzatzeko diru sarrrerena eta Etxebizitza Planarena. 

Osteguneko plenoan jakinarazi zuen udal gobernuak Amillubiko 1 eta 3 partzeletan nork egingo dituen etxebizitzak, aparkaleku publikoak eta autobus geltoki berria. Bada Zarauzko EAJren udal taldeak "etorkizunari aurre egiteko" ostegunean hartutako erabakiaren "garrantzia" berretsi nahi du. Taldearen esanetan, hautu horrek Zarautzentzat "funtsezkoak" diren hiru zutabe indartzen ditu.

Lehenengoa litzateke mugikortasun jasangarriarena eta azpiegiturena. Proiektuak "Zarautzek eta zarauztarrek merezi" duten autobus geltoki berria ahalbidetuko duela azpimarratu dute jeltzaleek. "Trenaren eta autobusaren arteko lotura indartzeaz gain, hirigunean sartu gabe autoa uzteko aukera emango duen azpiegitura izango da", gehitu dute. 

Bigarrenik, udalak inbertsioak finantzatzeko edukiko duten "diru sarrera handia" aipatu du Zarauzko EAJ taldeak. 6,7 milioi euro jasoko ditu udalak zuzenean eta "berehala", eta horrek, aukera emango die 2026an bertan inbertsioak egiteko. "Inbertsio horiek Zarautz eta zarauztarren bizi kalitatea hobetzera bideratuko ditugu", gehitu dute.

Etxebizitza Plana ere aipatu dute jeltzaleek. Haien hitzetan, 2016an martxan jarri zen etxebizitza planaren barruan "beste pauso bat" emango da orain, 21 etxebizitza tasatu gehituta. "Plan horrek ia 1.000 etxebizitza babestu jasotzen ditu, horietatik 448 dagoeneko gauzatu ditugu, datorren urterako 676 izango dira eta gainerakoak ere bideratuta 
daude dagoeneko, 25 etxebizitza babestu Lanpardon eta beste 251 Irita-Amillubin", nabarmendu dute.

Zerbitzu publikoa, "helburu nagusi"

EAJren taldeak gehitu duenez, erabakiari ezezkoa esaten dionak etxebizitza pribatuak eraikitzeko saldu dela argudiatuta, "ikuspegi oso mugatua dauka edo ez du ikusi nahi erabaki honek Zarautzentzat suposatzen duen jauzi kualitatiboa". Eta horrela gehitu dute: "Lurzoruaren besterentze hau azpiegitura publiko oso garrantzitsuak ahalbidetzeko eta eraikitzeko mekanismoa da. Mugikortasun jasangarria, etxebizitza eta inbertsio publikoak indartzeko ahalmena uztartzen ditu, Zarautzen eta zarauztarren behar guztiak aintzat hartuta eta beharren eta baliabideen arteko oreka bermatuz".

Hori horrela, Zarautzen etorkizunari "bai" esaten diola gehitu dute jeltzaleek, "bai" mugikortasun jasangarriari, "bai" etxebizitzari eta "bai" zarauztarrentzako inbertsioak egiten jarraitzeari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide