Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasle talde baten proiektua saritu dute 'Ekonomia zirkularra modelatzen' erakusketan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 29a

Oteitzako ikasleak, atzo, Donostian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

'Ekonomia Zirkularreko Armiarma' proiektua izan zen atzo banatu zituzten sarietako bat. Egur zatiekin osatu zuten eskultura, material birziklatu eta berrerabiliekin, "ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta". 

Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleek egindako eskultura saritu zuten atzo, ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak sustatzen duen 'Ekonomia zirkularra modelatzen' erakusketan. Gipuzkoako lanbide heziketa ikastetxeetako ikasleek sortutako eskulturak bildu dituzte Donostian, eta Zarauzko ikasle talde horren 'Ekonomia Zirkularreko Armiarma' proiektua izan zen sarituetako bat; 2.000 euro jaso dituzte haiek. 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan egin dute erakusketa. Hori hala, ikasleek birziklatutako eta pieza artistiko bihurtutako materialetatik sortu dituzte beren eskulturak. Askotariko ikuspegiak erakutsi dituzte ikasleek eskulturen bidez, hala nola kontsumoari buruzko hausnarketa artistikoak eta naturaren zein industriaren arteko orekaren irudikapen sinbolikoak.

Oteitzakoek egindako armiarmaren bitartez, "ehuntzearen eta loturaren" sinbologia azpimarratu nahi izan dute. Egur zatiekin osatu zuten, material birziklatu eta berrerabiliekin, "ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarrituta". 

Ikasleen esanetan, armiarma "gizakiaren metafora" bilakatzen da, alegia, ingurunearekin harremanetan dagoen izakia, sare baten parte dena, baita sare hori eraikitzeko arduraduna ere. "Bere sareak ez du harrapatzeko balio soilik, lotzeko, berriz konektatzeko eta zikloari jarraipena emateko tresna ere bilakatzen da. Ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera igarotzea ere ez da soilik sistema ekonomikoaren aldaketa, pentsatzeko eta sortzeko modu berri bat da, eta armiarma honek hori adierazten du: zikloa, birziklapena, etengabeko mugimendua eta eraldaketa", gehitu dute ikasleek. 

Eredu zirkularra helburu

Egitasmoaren helburua da eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen "funtsezko eginkizuna" ikusaraztea. "Eskuzko lanaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez, gazteek erakusten dute posible dela hondakinei bigarren bizitza ematea eta balioa duten baliabide bihurtzea", azaldu du Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatuak.

Ikasleen lana aintzatesteaz gain, egitasmoak hezkuntzara eta komunitatera begira duen balioa nabarmendu dute Donostian. Era berean, Asensiok balioa eman dio sormena, prestakuntza eta ingurumen kontzientzia uztartzen dituen proiektuan ikasleek eta irakasleek erakutsi duten inplikazioari: "Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak martxan dagoen kultura aldaketa bat islatzen du: hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako egitasmoek aukera ematen diete belaunaldi berriei ingurumeneko gaitasun teknikoak garatzeko. Trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan".

Ekonomia zirkularra "apustu estrategikoa" da aldundiarentzat "lurralde bidezkoago, berritzaileago eta erresilienteago" baterantz jotzeko. "Sektore horrek 10.000 enplegu inguru sortzen ditu egun, eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) %10 inguruko ekarpena egiten du, enplegu berdearen eta ekoizpen modernizazioaren motor gisa finkatuz", esan dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide