Zirikak "euskararen argia" piztera deitu ditu herritarrak Euskararen Egunerako

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 29a

Argi ilarak. (Pixabay)

Argia egiten duen gailu bat eramateko eskatu dute, eta 19:00etan elkartuko dira Musika Plazan. Ondoren, kalejiran Munoa plazara joango dira, bertan argazki herrikoia ateratzera.

Euskararen Egunean euskarari argia eman nahi dio Zirika euskara elkarteak, eta hori dela eta, herritarrei elkarrekin ospatzeko deia egin die. Hala, abenduaren 3an, datorren asteazkenean, argazki herrikoia aterako dute Munoa plazan, 19:30ean.

Ekitaldiari, ordea, aurrez emango diote hasiera. Musika Plazan elkartuko dira 19:00etan, kantuan elkarrekin joateko kalejiran Munoara. Bakoitzak argia egiten duen gailu bat eramateko eskatu dute antolatzaileek: linterna, kandela, farola txiki bat, mugikorra… "Denak balio du euskararen aldeko argia pizteko".

Guztira, 200 pertsona elkartu nahi dituzte, euskararen alde distira eginez, argazkia ateratzeko. Ondoren, kantu poteoa egin asmo dute. Eguraldi txarra egingo balu, garaiz jakinaraziko dute lekualdaketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide