Ez euriak, ez hotzak ezta kazkabarrak ere, ezerk ez ditu atzera bota gaur herritarrak. Azaroaren 25a da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, urtero bezala, herritarrak mobilizatzera deituta zeuden: Itaiak 18:00etan jarri du hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan, eta Mugimendu Feministak ordu erdi geroago hasi du manifestazioa, leku beretik.
Biek ala biek helburu zuten gaurkoan indarkeria matxistaren aurka kalera ateratzea, baina bazuten beste asmo bat amankomunean: Yoanna Acedo gogora ekartzea, hain justu ere. Urriaren 15ean erail zuten Acedo, Itxasmendi auzoko etxebizitza batean, eta haren irudia oroitu nahi izan dute gaur kalera atera diren herritar guztiek.
Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelo hartuta bildu da Itaia plazan. Indarkeria matxistarekin amaitzeko beharra azpimarratu dute elkarretaratzean, eta horrekin batera, irmoki gaitzetsi dute Acedoren hilketa.
Mugimendu Feministak manifestazioa egin du Lege Zaharren Enparantzatik hasi eta Plaza Gorrira, Denok gara Yoanna eta Erresistentzia feminista. Zuen hipokrisia indarkeria da! pankartekin. Izan ere, Acedo oroitzeko ekitaldia egin dute bertan; hara heltzean, korroan jarri dira herritarrak, eta Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza. "Yoanna ezagutzen eta maite genuenok ezin ditugu bere irribarrea eta begirada ahaztu. Atzera bueltarik ez duen gertaeraren aurrean, gure haserrea eta samina adierazi nahi ditugu", azaldu dute.
Kantu, poesia eta hitz artean gogoratu dute Acedo, eta bere omenez margotu dituzten baldosak ere jarri dituzte plazan, lorez inguratuta. "Hau ez da izu mezu bat, baizik eta mina eman arren, beste aldera ez begiratzeko deia, elkartasunerako deiadarra. Senti dezagun herri honetan sortu den zauria, elkarrekin osatzearen garrantziaz ohartarazi nahi diguna. Herri bizigarri eta zaintzailea eraikitzeko oihua da hau", egin dute azpimarra.