Azaroaren 25a

Udalak omenaldia egingo dio Yoanna Acedori

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak. (Zarauzko Udala)

Joan zen urriaren 15ean Zarautzen hil zuten Yoanna Acedo oroitzeko ekitaldia larunbatean izango da, 13:00etan, Lege Zaharren Enparantzan. Halaxe eman du jakitera erakundeak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira argitaratu duen adierazpen instituzinalarekin batera.

Joan zen urriaren 15ean gizon batek hil zuen Yoanna Acedo oroitzeko ekitaldia egingo du Zarauzko Udalak datorren larunbatean. Gaur, azaroaren 25a, eman du horren berri erakundeak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Udalak 13:00etan egingo du Acedoren oroimenezko ekitaldia, Lege Zaharren Enparantzan. 

Hona hemen azaroaren 25aren harira, Zarauzko Udalak onartutako adierazpen instituzionala:

"Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.

Azaroaren 25 honek zentzun berezia hartzen du aurten Zarautzen, joan den hileko Yoanna Acedo zarauztarraren hilketa dela eta. Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzional honekin Zarauzko Udalak hilketaren inguruko bere gaitzespenik irmoena berretsi nahi du, baita emakumeen aurkako edozein biolentziaren aurka ere, eta Yoannaren familiari gure elkartasun eta laguntza osoa helarazten diogu momentu zail hauetan.

Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.

Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.

Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.

Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.

Horregatik, Zarauzko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:

  • Hurbiltasun sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.
  • Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
  • Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
  • Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan. Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
  • Kanpaina eta kuadrillekin aliantzak garatzea sexuen arteko harreman osasungarri eta bidezko kodeak sortzeko, dibertsitate osoan, kode matxistak eta misoginoak hausteko.

Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide