Azaroaren 25a

36 indarkeria matxista kasuren berri izan dute aurten Zarautzen

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Eraso matxista bat irudikatzen duen argazkia. (Guka)

Hamahiruna indarkeria psikologiko eta sexu indarkeria kasu jaso dituzte. Eraso gehien gehien jasan dituzten emakumeen adin tartean 35 eta 49 urte artekoa da.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroak 25. Urola Kostako herrietako Gizarte Zerbitzuek jasotako datuen arabera, gutxienez 161 emakume izan dira indarkeria horren biktima aurten. Zarautzen 36 kasu zenbatu ditu urte honetan udaleko Berdintasun departamentuak. 

Indarkeria motari dagokionez, 36 horietatik hamar izan dira indarkeria fisiko kasuak, hamahiru indarkeria psikologiko kasuak, eta beste hamahiru sexu indarkeria kasuak. 

Erasoa jasan dutenen adinari dagokionez, 35 eta 49 urte artekoen kopurua da aipagarriena: hamazazpi dira adin tarte horretakoak. Sexu erasoak (13) eta genero indarkeria (15) kasuak izan dira gehienak. 

2024ko daturik ez zuen eman iaz Zarauzko Udalak, 2023ko datuak baizik: urte hartan, 67 indarkeria matxista kasu zenbatu zituzten.

Indarkeria egoerak anitzak direla zehaztu du Zarauzko Berdintasun sailak, eta maiz jasotzen dituen datuak Ertzaintzara aurkeztutako salaketa formalen ondorio direla. Hala ere, departamentutik indarkeria kasuak modu zabalagoan jaso nahi izan dituzte, eta horregatik Emakumeen Etxera jo duten emakumeak ere kontuan hartu dituzte.

Hori horrela, jakitera eman dituen aurtengo datuak Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Emakumeen Etxeak eta Ertzaintzak jasotako informazioan oinarritzen dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide